«Idatzitakoa berrirakurtzea egiten zait nekezena»; Jabi Elortza, idazlea

by

‘Gezurren habia’ eleberria aurkeztu berri du Jabi Elortzak Elkarren eskutik.  Gazteak irakurle egin nahi ditu eta horretarako haien kezka eta errealitateetara gerturatu da.

Loading player...

https://irratia.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/707/898/news_landscape/jabi_elortza.jpg
Jabi Elortza

Gertutik ezagutzen du Jabi Elortzak nerabe eta gazteen errealitatea, Zamudioko Bizkaia ikastetxean euskara irakasle baita 4. DBHko ikasleekin. Errealitate hori islatzea, gertutasun hori lortzea, bai idazkera, gaitegian, forman... da gakoa idazle bilbotarraren iritziz gazteak literaturara gerturatzeko.

Bere hirugarren eleberriak Bilbora garamatza, eta desagertutako neska gazte baten ikerketa du abiapuntu: ertzainek gaztearen etxean aurkitutako testigantzek ez dute ez hanka ez buru. Ildo honetatik abiatuta, hainbat eta hainbat azpigai jorratzen ditu Elortzak bere eleberrian: sare sozialak, menpekotasuna, laguntasuna...

Liburua idazteko prozesuari dagokionez, luze jo du idazketak Elortzaren esanetan, izan ere, aurreko bi lanetako hutsuneak konpondu nahi izan ditu. Alde horretatik, bere buruarekin zorrotz izateaz gain, bere ikasleekin ere partekatu ditu hainbat ideia, funtzionatzen duten ala ez ziurtatzeko.

Prozesu guztiko zatirik gogorrena «neuk idatzitakoa berriz irakurtzea izan da, berriz irakurtzerakoan, ez baitzait gustatzen!», aitortu digu idazleak. Bestetik, etorkizunera begira jarrita, «ur handiagoetara jauzia emateko desira» duela esan digu Jabi Elortzak, alegia, helduen nobelagintzara pausoa ematekoa. Baina oraingoz astiro egin asmo duen ibilaldia da.