Pandemiaren ondorioz artistek pairatutako egoera ezagutzeko galdeketa egin du EKEk
Erreportajea
by IDOIA ERASOEuskal Kultur Erakundeak koronabirusaren ondorioz artistek eta kultur elkarteek bizi dituzten egoerak eta etorkizunera begira hartu dituzten erabakiak ezagutzeko galdeketa egin du, eta erantzunak biltzen ari da. Aurtengo diru-laguntzen banaketa, hein batean, erantzunen araberakoa izanen da.
EKEk Ipar Euskal Herriko elkarte eta artistek urterako egiten dituzten proiektuak diruz laguntzen ditu. Aurten 80 izan behar ziren, baina pandemiaren ondorioz anitz bertan behera gelditu behar izan dira, eta krisi horri egoki erantzun ahal izateko informazioa bildu nahi izan dute erakundetik. Horretarako, laguntza jaso zuten proiektuetako egileak eta erakundearekin harremana duten elkarteak kontaktatu dituzte, lehenik telefonoz egoeren berri jaso eta laguntza emateko eta ondoren galdeketa baten bitartez.
«Lehen egunetik erabaki genuen elkarte eta artistekin harremanetan ematea sostengu morala emateko eta Estatutik ematen zituzten baliabideen berri emateko. Banan banan deitu ditugu denak, 100 inguru», azaldu du Pantxoa Etchegoinek, EKEko zuzendariak. Ondoren galdeketa egitea ere deliberatu zuten, eta emaitzak biltzen ari da orain. Erantzun horien bitartez, zein ekintza izan diren ezeztatuak, zeintzuk atzeratuak, edo zein egoeretan zeuden jakitea izan da xedeetako bat. Egoera ezberdinak atzematen dira, elkarte batzuetan soldatapeko langileak dituzte, edo proiekturako profesionalen baten lana kontratatuta izan da. Horren arabera ere zein diru-laguntza banatuko dituzten eta zein portzentaietan erabaki beharko dute.
Uda aitzin ziren proiektuen artean batzuk ezeztatuak izan dira; beste batzuk, aldiz, udazkenera gibelatuak izan dira, Sarako Idazleen Biltzarra edo ekainean egin behar zen Mixel Labeguerieri omenaldia, esaterako. Oraindik, jakiteke dago udazkenean egin ahal izanen diren; hori dela eta diru-laguntzei buruzko zenbait erabaki agorrila eta iraila artean hartuko dituzte, eta lehenago eginen den administrazio kontseiluaren erabakia ere kontuan hartu beharko da.
Beste diru-laguntza batzuk ahalik eta fiteen ematen ari dira, «urgentziazko erabakiak hartuz». Galdeketaz arduratzen ari den Maitane Hernandezek argiki adierazi du: «Artista profesionalak momentu zaila pasatzen ari dira, eta saiatuko gara dirua ahalik eta lasterren banatzen. Gainera, informazioa eta laguntza ia dena internetez da, eta artista guztiak ez dira trebeak horretan, eta laguntza behar dute».
Ezeztatu diren ekimenen artean, aurretik eginak ziren prestaketak izango dira kontuan. Beste batzuk, zuzenean nahiago izan dute laguntza ekonomikoa heldu den urterako utzi, aurtengoa ezeztatuz. Festibalei dagokionez, Ethiopikoak edo Xiru esaterako, ospatu baino lehen %70eko finantziazioa jasotzen dute, eta beste partea ondoren banatzen zaie. Lehen finantziazio hori atxikitzen ahalko dutela ziurtatu dute EKEtik.
Erakunde ezberdinen arteko elkarlana
Etchegoinek argiki agertu du beste erakundeekin elkarlanean aritzeko nahia. Herri Elkargoa, Pirineo Atlantikoko departamentua eta Akitania Berria eskualdearekin osagarritasunean aritzeko: «Nork zein laguntza ematen duen eta zein irizpiderekin, jakin eta koordinatu ahal izateko».
Zuzendariak gaineratu du: «Gu bezala, beste erakundeak hastapenean dira, gu hurbileko lana egiten ari gara, gero laguntza horiek segurtatu ahal izateko. Testuingurua zaila da, baina horretarako inportantea izanen da gure informazioak partekatzea».
Erakundearen biltzar nagusia apirilean egin behar zen, baina koronabirusaren ondorioz ezin izan zen egin, eta orain telematikoki egiteko prestatzen ari dira.