Lehen sektoreko ekoizpen ereduan benetako aldaketa eskatu du EHNE-Nafarroak
by NAIZNekaritzan eta abeltzaintzan ekoizpen ereduaren benetako aldaketa beharrezkoa dela nabarmendu du EHNE-Nafarroak, herrialdeko hainbat eragilerekin Nafarroa Suspertu plana aztertzeko egindako bileran.
EHNE-Nafarroaren ustez, «krisi sanitario eta ekonomiko global honetan murgilduta gaudenean, ekoizpen ereduan benetako aldaketa sustatzeko neurriak hartzea inoiz baino beharrezkogoa da, baita lehen sektorean ere». Hala adierazi zuen Imanol Ibero sindikatuko presidenteak Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen esparruan egindako bileran, Nafarroa Suspertu plana eztabaidagai nagusitzat hartuta.
Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria buru zelarik, eta beste eragile ekonomiko, sindikal eta sozial batzuek ere parte hartu zutelarik, Iberok ekimen hau ezin dela «nekazaririk eta abeltzainik gabeko nekazaritza eta abeltzaintza sustatzeko bidean» joan azaldu zuen. «Egia da dokumentuak eredu berri bati buruz hitz egiten duela, baina, lerro artean irakurrita, gaur egungoarengan konfiantza izateaz gain, are gehiago egungo eredu hau bultzatu egingo dela iruditzen zaigu», azpimarratu du Iberok.
EHNE-Nafarroaren ustez, «beharrezkoa da Nafarroan ekoizpen-ehuna berreskuratzea, batez ere lehen sektorean, denbora asko baitarama berriro aktibatzen saiatzen, eta, horretarako, ezinbestekoa da ekoizpen-baliabideen pilaketari, ustiategien tamainari eta laguntzei, mugak jarriko dizkieten arau batzuk hartzea, zerga-arloko nahiz burokrazia-arloko eskakizunetan progresibitatea aplikatuz, aipatutako tamainaren arabera».
Ekarpenei jaramonik ez
«Horrelako ekimen partaidetza-esparrua txalotzekoa bada ere, maiz lurretik egunero bizi garenok egindako ekarpen asko ez direla kontuan hartzen kritikatu behar da, joan den otsailaren amaieran despopulatzeari buruz egindako jardunaldien inguruan gertatu den bezala. Lan taldeek lehen sektorea garatzeko neurri ugari aplikatu behar zirela ondorioztatu zuten, baina sailen arteko batzordeak proposatutako hamalau proposamenen artean gure sektorea ia ez da aipatu ere egiten», nabarmendu du Iberok.
Era berean, EHNE-Nafarroak, «erakundeetako arduradun batzuen iritziaren aurrean», nekazariek eta abeltzainek osatzen duten sektorearen salbazioa teknologiaren erabileratik etorriko dela ukatu egiten du. «Teknologizazio neurrigabeak baliabide ekonomiko haundiak dituzten ustiategiei egiten die mesede; izan ere, urriak diren baliabideak behar dituzte, eta baliabide hauek dituzten herrialdeetan gatazka politiko eta askotan armatuak sorrarazten dituzte. Ezin dugu lehen sektorearen garapena miseria, mina eta malkoak sortzen dituzten baliabideen erauzketan oinarritu», salatu du Iberok.