Etcheto alkate egiteko plana ez dela «aterabide ona» adierazi du EH Baik

by

Jean-Rene Etchegaray buru duen zentro-eskuineko hautagaitzari gaina hartzeko xedez ezkerreko hiru hautagaitzen batuketari buruzko negoziazioek tirabira handiak eragin dituzte. Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak Henri Etcheto sozialista auzapez egiteko estrategia onartuko balu abertzaleek ez luketela babestuko argitu zuen atzo EH Baik.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/707/219/publication_news_landscape/0528_eh_aragon-iriart.jpg

Joan den ostiralean jakinarazi zuten noiz izango den udal hauteskundeen bigarren itzulia, eta berehala hasi ziren, bereziki martxoaren 15eko bozketak panorama irekia utzi zuen herrietan, hautagaitzen arteko hartu-emanak. Konfinamenduak jarduera politiko publikoa eten bazuen ere, egiari zor, Ipar Euskal Herriko herri askotan eztabaida telematikoak jarraitu egin zuen, finean, ekainaren 28an egitekoa den bigarren bozketari begira estrategiak finkatzeko.

Horrela gertatu da, esaterako, Hendaian. Azken sei urteetan Hendaia Biltzen hautagaitzaren laguntzaz gobernatu ostean, ondoko legealdiari begira zer aliantza hobetsiko duen behar du argitu Kotte Ezenarrok. Auzapez sozialistak botoen %41,08 lortu zuen lehen itzulian. Pascal Destruhaut zentro-eskuineko zerrendaburuak, berriz, %32,41. Beraz, hirugarren heldu zen Letizia Navarron Hendaia Biltzen plataformako buruak izan dezake giltza, gehiengoa osatzeko.

Senperen, aldiz, martxoko bozketan bigarren heldu zen Dominique Idiart hautagai zentristak begi onez ikusiko luke Jean-François Beredere abertzalearekin aliantza egitea. Duela sei urte aliantza horri muzin egin zion Idiartek. Bere erabakiak ondorio latzak izan zituen: Pierre-Marie Nousbaum hautagai eskuindarrak eskuratu zuen bere ordez aginte makila.

Martxoaren 15ean lorturiko behin-behineko garaipenari esker Ziburuko alkate izateko aukera ezin hobeak lituzke Eneko Aldana abertzaleak. Eskuineko hautagaiek aliantzarik ez dutela egingo baieztatu ondoren, bozen %44,66 lortu zituen Ziburu Biziko alkategaiak abantaila du.

Urruñan, bestalde, Filipe Aramendik luzaturiko eskaintza errefusatu berri du M15ean hirugarren heldu zen Sebastien Etchebarnek. Orotara hiru zerrenda lehiatuko dira ekainaren 28an Urruñan. Lehen itzulian bozen %40,83 eskuratu ondoren hautagai faborito gisa helduko dio hauteskunde kanpainari alkategai abertzaleak.

Hiriburuan, zalaparta

Lehen itzuliaren biharamunean abiatu ziren gaur-gaurkoz emaitza argirik izan ez duten negoziazioak Baionan. Are, ezkerreko hiru zerrenden arteko giroa azkeneko egunetan zeharo aldrebestu dela erran daiteke.

Lehenengo itzulian Jean-Rene Etchegaray auzapeza buru duen zentro-eskuineko zerrenda atera zen garaile botoen %40,3 eskuratuta. Baiona Hiri Irekia zerrendako buru den Henri Echeto (PS) heldu zen bigarren, botoen %29,76 eskuratuta. Abertzaleak, ekologistak eta ezker hexagonalaren ordezkariak biltzen dituen Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak, finean, botoen %13,12 lortu zuen eta Mathieu Berge hautetsi sozialista ohia buru duen Bihar Baiona hautagaitza laugarrena (%11,2) iritsi zen.

Jean-Claude Iriart abertzalea eta Sophie Bussiere ekologista buru dituen Baiona Berdea eta Elkarkideak erabaki zailak hartu beharko ditu astea amaitu aitzin. Hautagaitzak biltzarra eginen du lehenik eta horren ondotik bere kideek bigarren itzuliari buruzko estrategia berretsi behar lukete, bozketa baten bidez.

Baiona «Iparraldeko hiriburua eta egungo Euskal Elkargoko lehendakariaren herria dela» oroitaraziz hautagaitza anitza sostengatzen duen EH Bai mugimenduak erabakiaren «izaera estrategikoa» nabarmendu du.

Baionako eta beste eskualdeetako ordezkarien iritziak jaso ondoren bere ikuspuntua idatziz jarri du mugimendu abertzaleak. Nikolas Blain bere bozeramaileak atzo Euskal Irratietan baieztatu zuenez, Etcheto buru lukeen aliantzak ez luke abertzaleen sostengua jasoko «onuragarria ez litzatekeelako». Besteak beste, euskarari, Elkargoari eta konponbide prozesuari begira Henri Etchetok defendatu dituen posizio ezkorrak gogoratuz hautagai sozialista alkate bilakatzea helburu lukeen estrategiak ezin izango lukeela abertzaleen «sostengu aktiboa» jaso azaldu zuen, zehazki, EH Baik aipaturiko txostenean.

PROFIL ESKASA

Bihar Baiona hautagaitzaren buru den Bergek ez bezala, profil guztiz jakobinoa du Etchetok. Abertzale eremutik harago ere, lurralde ikuspegia duen eragile orok aitortuko luke PSko kideak euskarari, Euskal Elkargoari edo konponbide prozesuari begira jarrera eskasa izan duela.