Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena eta lehen ebaketa ekitaldia egin dute Ordizian
by NAIZOrdiziako Oiangu parkean egin da asteazken honetan XXVI. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena eta gazta berria ebakitzeko ekitaldia. Pasa den apirilaren 15ean bertan behera geratu zen Artzain Eguna koronabirusaren pandemiaren ondotik. Kontseilu erregulatzaileak La Leze artzain ekoizlea eta Goine gaztandegia saritu ditu.
Apirilaren 15ean egitekoa zen Artzain Eguna bertan behera geratu zen koronabirusaren pandemiaren ondotik. Egun horretan ohikoa den artzain gaztaren mozketa ere ezin izan zen burutu. Asteazken honetan, ordea, XXVI. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpena eta gazta berria ebakitzeko ekitaldia egin ahal izan dute Ordiziako Oiangu parkean.
Artzain Egunean artaldea herrigunetik igarotzen da, eta gaurkoan nahiz eta ekitaldia desberdina izan, Lazkaomendiko Intzartzu etxeko Iztueta aita-semeak iritsi dira Oianguraino haien abereekin.
Unai Campo, Bilboko Porrue jatetxeko sukaldariak ebaki du lehen gazta. La Leze gaztandegiak Idiazabal Jatorri Izendapenak eman duen erregulartasun saria jaso du artzainen kategorian, eta Asteasuko Goinek jaso du gaztandegiari dagokiona.
Lehen gazta ebaki eta segituan, Campok adierazi du «gazta honek askatasun usaina» duela, «pixkanaka normaltasunera iristen ari garenaren usaina», alegia.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eskerrak eman dizkie ekitaldia burutzea posible egin duten erakunde eta eragileei; hau da, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiari eta Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izenapenari, eta baita Foru Aldundi eta Lakuako Gobernuari ere.
Hala ere, ekitaldiari eutsi nahi izan diotela gaineratu du, artzainek guztion laguntza eta bultzada inoiz baino gehiago behar duten garai hauetan. Ezenarrok La Leze eta Goine Berri gaztandegiak zoriondu ditu, eta Lakuako eta Foru Aldundiko ordezkariei eskari bat ere egin die: «Gure herrietan udalek ditugun baliabide geroz eta eskasagoekin ere, aurrera daramazkigun azokak mantendu eta indartzeko ezinbesteko ditugun laguntzak ez ahaztea».
Balantzea
Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerente Miriam Molinak aurtengo urtearen balantzea egin du. Egun, 124 gaztandegi daude Jatorri Izendapenean. Gaztandegien %47 gipuzkoarrak dira, %24 nafarrak, %16 arabarrak eta %11 bizkaitarrak.
2017tik, gutxika-gutxika, goranzko joera mantendu da. 2011 eta 2012an barnebildu ziren gaztandegi gehien Idiazabal Jatorri Izendapenean (125). Oro har, 2009tik zenbateko antzerakoak mantendu direla esan daiteke. 2008an 111 gaztandegi zeuden eta 2003an gainditu zen 100 gaztandegien langa.
Urtean ekoitzitako kiloek ere antzerako ibilbidea izan dute. 2010etik inoiz ekoitzitako kilo kopuru handiena ekoitzi zen iaz; 1.420.586 kilo gazta guztira. Aurreko hiru urteetan, batez beste, 1,3 milioi kilo ekoitzi ziren.
Xabier Arruti, EAEko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria, eta Bittor Oroz, Lakuako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea ere izan dira ekitaldian.