(H)ilbeltza beka irabazita, Massimo Carlottoren eleberri bat ekarriko du euskarara Koldo Bigurik
by NAIZKoldo Biguri itzultzaileak irabazi du (H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalapartak sustatzen duten (H)ilbeltza beka. Haren bidez, Massimo Carlottoren ‘Arrivederci amore, ciao’ ekarriko du euskarara 2022ko urtarrilerako.
Koldo Bigurik eskuratu du (H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen duten (H)ilbeltza, euskarazko eleberri beltza sustatzeko beka. Laugarren edizio honetara aurkeztu diren hamar lanen artean Biguriren proposamena hautatu du Baztango alkate Joseba Otondok, (H)ilbeltza elkarteko ordezkari Josu Barambonesek eta Txalaparta argitaletxeko editore Garazi Arrula Ruizek osatutako epaimahaiak.
Epaimahaiaren iritziz, itzultzaile gasteiztarrak «jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz» jarraitu die euskaraz baliokide bat sortzeko garaian eta ahalegin horretan «bereziki nabarmentzekoa da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian». Ildo horretan, «itzultzaileak egin hautaketa lexikoa lagungarri gertatzen da; orobat, joskeraren errazari esker, testuak ederki korritzen du, eta irakurleek eroso irakurriko dute», zehaztu dute. Itzulpena osatzeko 3.000 euroko laguntza jasoko du orain Bigurik eta beste horrenbeste lana amaitzerakoan. Aurreikuspenen arabera, argitalpenak 2022ko urtarrilean ikusiko du argia, Txalaparta argitaletxearen eskutik.
Koldo Bigurik (Gasteiz, 1962) Filologia ikasi zuen eta egun irakaslea, euskaltzain urgazlea, itzultzailea eta interpretea ere bada. ‘Senez’ aldizkariko zuzendari izan zen 1994 eta 1999 urteen bitartean, baita EIZIEko lehendakari ere, 2000 eta 2002 urteen artean. Itzulpen lanak 1992an abiatu zituen: literatura italiarra itzuli du nagusiki, eta euskal itzultzaile aitzindarien memoria historikoaren berreskuratze lanetan ere ibilia da, EIZIEren Itzulpen Antologia bilduman.