Mutrikuko Mijoa errekara bideratutako isurketa berri batez ohartarazi dute

by

Mutrikuko Natur Taldeak eta Eguzki Talde Ekologistak jakinarazi dute maiatzaren 22an isurketa berri bat antzeman zutela Mijoa errekan. Urte honetako bigarrena dela adierazi dute eta aurrekoa bezala, bertako industriaguneko araztegitik zetorrela. Hura txikiegi geratu dela-eta, konponbidea exijitu diete inguruko enpresei eta Lakuari.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/707/185/news_portrait/mijoaisurketa.jpg
Mijoa errekako isurketaren irudia. (MUTRIKUKO NATUR TALDEA)

Mutrikuko Mijoa errekan beste isurketa bat antzeman dute udalerriko Natur Taldeak eta Eguzki Talde Ekologistak. Maiatzaren 22an arratsaldeko 19.30ean antzeman zutela zehaztu dute eta urte honetan bigarren aldiz ikusi dutela ohartarazi dute. Mijoa industriaguneko araztegitik zetorrela ziur daude, besteetan gertatu legez.

Nabarmendu dute azken isurketa hain justu Bioaniztasunaren Nazioarteko Egunean gertatu zela: «Batzuontzat lurrak oraindik gordetzen dituen habitat, naturgune edo/eta espezieen balioaz apologia egiteko edo baita aldarrikatzeko eguna».

Antzeman zutenek 112ra deitu zuten eta erreka ikuskatzera hurbildu ziren profesionalak. Ekologistek adierazi dute, ordea, ez dutela emaitza zehatzik espero, «gehiegitan pasatu da gauza bera». «Gertaera larria eta arduragabea da beti natura, ingurune naturala izatea kaltetua eta errudunei musutruk ateratzea gainera», egin dute protesta.

Ez da Mijoa errekan isurketa bat gertatzen den lehen aldia. Ura agentziak ere bere txostenetan ohartarazten du «kalitate ezin txarragoa» duela eta «ingurumena muturreraino degradatuta» dagoela. Aipatu taldeek gaineratzen dute bizidun ornodunak bilatzea ere zaila dela, hainbeste isurketa jasan ondotik.

Araztegia «txikiegi» geratu da

Gertaera hauek behin eta berriz errepikatzearen arazo gisa identifikatu dute kontserberetako ur zikin industrialak garbitzeko Mijoa industriaguneko araztegia txikiegia geratu dela. Bailaratik ez da iristen Mutriku Araztegiarekiko lotura berria eta horren arduraduna Lakuako Gobernua dela gogoratzen dute Natur Taldeak eta Eguzkik.

«Duela urtebete Jaurlaritzak Mijoa saneatzeko finantzaketa bere gain hartuko zuela berretsi zuen Ingurumen Kontseilari Iñaki Arriolak, %100ean hartu ere. Baina 2019 ez zuen ezer egin eta 2020ko aurrekontuetan partidarik agertzen ez denez, berdin jarraituko dugu», zehaztu dute.

Kontuan hartu behar da baita Mijoa erreka Saturrarango hondartzan itsasoratzen dela zuzenean eta isurketa hauek itsasoko ura ere kutsatu dezaketela.

Babesteko Plan Bereziaren barnean

Adierazi dute, gainera, Mijoa bisoi europarra (mustela lutreola) Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoela eta beraz, bisoiaren egoera eutsi edo hobetzeko helburuarekin, bere habitata, bizilekua baldintza onenetan mantendu behar dela.

Mijoa errekako bailararen hobekuntza ekologikoa eta uholde arriskua gutxitzeko 2009an EHUko ekologia sailekoek ikerketa bat egin zutela ziurtatu dute eta bertan, hobekuntzak proposatu zituztela. «Honez gain, bailarako enpresa, camping, etxebizitza eta hondartzako kantina eta zerbitzu guztietako ur zikinak Mutrikuko portuan dagoen araztegira ponpeatu behar direnez, obra guzti honek eta bidegorriaren proiektua modu koordinatu eta bateratuan burutzea eskatzen dugu», adierazi dute ekologistek.

Uste dute garaia dela enpresen, kontserba lantegien eta Lakuaren artean egoera honi irtenbide bat emateko. Araztegia egokitzen ez badute, tarteko bide bat bilatzea exijitzen diote: «Foru Aldundiko Mugikortasun Saileko bidegorrien arduradunak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailekoak jar bitez lanean eta bila dezatela irtenbide duin eta koordinatu bat araztegia eta bidegorria eraiki bitartean».