'Koban' taldearekin dantzan, oinak lehertu arte

by

'Koban' taldea da ostiraletako 'Beste bat' saioen egilea maiatzean. Taldea eraldaketa prozesuan dagoen honetan, egiten ari diren guzti horretaz jakin nahi izan dugu. Hala, Xalba Ramirez taldekidea izan da MusikHarian.

Loading player...

https://irratia.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/666/171/news_landscape/koban_laukia_copy2.jpg
Koban taldeko kideak lokalera bueltatu zain daude egun.

'Koban' taldea Donostian eratu zen 2015aren bueltan. Sorreran trikitixa eta musika beltza uztartu nahi zituzten eta horretan zentratu ziren. «Baina, Joseba (Salbide) sartu zenean, estiloa guztiz aldatu zen. Elektronika sartu zuen eta elektro swingaren bueltan aritu ginen hortik aurrera» kontatu digu Xalba Ramirezek.

Urtea hastearekin batera, Rakel Arenazak taldea utzi zuen eta egun 'Raitx' proiektua garatzen dabil. «Bada talde guztietan izaten dira hainbat kontu eta gauza berriak probatu, eztabaidatu, bakoitzak izango duen rolaren inguruan hitz egin eta abar egitean, Rakelek ikusi zuen bere bidea beste nonbaitetik zihoala. Agurra bera prozesu naturala izan zen» esan digu Ramirezek.

Ramirezek esan digunaren arabera, «Rakel gure laguna da eta gainera taldekide asko berarekin dago 'Raitx' proiektuan. Azken hiru kontzertuak fase baten agurra izan ziren eta sentsazio oso onekin utzi genuen atzean etapa hura».

Musika egitea «lasterketa bat bezala» ulertarazten digutela gaur egun aipatu du Xalba Ramirezek: «abestiak, EPak, bideoklipak, aurkezpen birak... guztia etenik gabe. Eta ez, guk ez dugu horrela hartzen. Buruan leihakortasuna sartzen dizute eta erritmo altu bat jarri, eta gure kasuan industria terminoetan pentsatzeak ez du gauza onik. Hartara, Rakelek utzi zuenean ez ginen hasi segituan formatu berri bat sortu eta martxan gaudela ikusiarazten», gaineratu du donostiarrak

Orain beste estilo batzuk bilatzen ari dira 'Koban' taldekoak. Hasiera batean bide bat hartu zuten eta orain norabide berriak esploratzen ari dira. Oinarrian elektronika eta musika beltza mantentzen dituzte, baina «ikasten» ari direla nabarmendu du Ramirezek.

Azken bi hilabeteetan esperimentatzeko aukerarik ez dute izan, lokalean ezin izan dutelako sartu. Baina ez daukate presarik. Aurrekotik urruntzen ari dira orain, eta ez zaielako egin duten hura gustatzen, baizik eta egindakoa errepikatzea ez dutelako gogoko. Beti gauza berrietara egiten dute salto.

'Beste bat' saioetan taldekide guztien influentzia desberdinak erakusten saiatu dira, baina gaur egun egiten dutenaren inguruan «espeleologia antzeko bat eginaz», jendeak ikusi dezan nondik nora dabiltzan.

Zuzeneko berrien zain egongo gara entzuleak, kantu propioekin osatzen dituzten zuzenekoak. Kantak egitea prozesu luzea eskatzen die 'Koban'eko kideei, eta horiek jotzen gozatzen dute gehien. Doinu dantzagarriak egiten dituzte eta hori da jendeari eskaini nahi diena. «Iaz ez genituen gehiegi eman, baina EHZ jaialdian jo genuen esaterako, eta amets bat bete genuen modu horretan» bukatu du Ramirezek.

'Anestesia digitala' kaleratu eta gero, 'Beste bat' saioetan beren azken aurrerapen kantua aurkeztu zuten, primizian, NAIZ Irratian: 'Spacefunk'. Maiatzeko ostiralak, dantzagarri egin dituzte 'Koban' taldekoek eta aurrerantzean ere beren musikarekin dantza asko egingo dugu ziur. Baina, orain, itxarotea tokatzen zaigu.