Hego Euskal Herriko erakunde publikoek isilunearekin oroitu dituzte koronabirusaren biktimak

by

Hego Euskal Herriko erakunde publikoek minutu bateko isilunea egin dute koronabirusagatik hil direnen omenez. Gobernu espainoletik zabaldu da ekimena, honek iragarri duen hamar eguneko doluaren baitan.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/707/168/news_landscape/lakuaisilune.jpg
Lakuako Gobernuko lehendakari Iñigo Urkullu eta zenbait sailburu, zein Mahai Sozioekonomikoan parte hartu duten ordezkariek minutu bateko isilunea egin dute Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Hego Euskal Herriko erakunde publikoek bat egin dute koronabirusagatik hil direnen omenezko minutuko isilunean. Asteazken honetako eguerdiko 12.00etan egin da Hegoaldeko lau hiriburuetan zein udalerrietan.

Lakuako zein Nafarroako gobernuek egin dute, hala nola Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere. Ekimena udal guztietara ere zabaldu da. Agintari zein herritarrek bat egin dute minutuko isilunean.

Gobernu espainolak iragarritako ekimena izan da hau, asteazken honetan hasi den 10 eguneko doluaren baitan. Erakunde publiko nagusietan ikurrinak haga erdira jaitsi dituzte. Doluak ekainaren 6ra arte iraungo du.

Hego Euskal Herrian 2.000 pertsonatik gora hil dira covid-19aren ondorioz –Estatu espainolean 27.000 pertsona baino gehiago– eta horiek guztiak gogoratu dituzte minutu bateko isilunean.

Biktimei «oroimena» eta «errespetua»

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chivitek adierazi du elkartuta egoteko momentua dela eta «hildako guztiei une irmo, lasai eta zintzo bat eskaintzea eta oroimena eta errespetua betiko» gorde nahi izan die isilune honekin.

EAEko lehendakari Iñigo Urkullu eta bere Gobernuko sailburuak Lakuaren egoitzan elkarretaratu dira, baita Mahai Soziekonomikoan parte hartzen duten ordezkariak ere.

Gasteizko Legebiltzarreko kideak Gauerdiko Iparrorratza eskulturaren aurrean elkartu dira eta bertan lurrin-ontzi bat piztu dute. Arabako Batzar Nagusietako ordezkariak zein Gasteizko Udal Gobernuko ordezkariek ere parte hartu dute oroimenean.

Gobernu espainolak Bilbon duen delegaritzan ere egin dute elkarretaratzea. Bertara hurbildu da Madrileko Exekutiboaren EAEko ordezkari den Denis Itxaso. Azaldu du osasun-krisiaren «une zailenak eta konprometituenak» pasatu direla, baina ohartarazi du arriskua oraindik ez dela desagertu. Hori dela eta, segurtasun distantziari eusteko eskatu du, bai eta eskuak etengabe garbitzeko ere. Koronabirusaren biktimei «egin diezaiekegun mesede onena pandemia desagertu ez dela ohartzea da», esan du.

Eneko Goia Donostiako alkateak ere eskaini ditu adierazpen batzuk eta minutu bateko isilunearen deialdia «zabaldu» nahi izan du, «garai gogor hauetan beste arrazoi batzuengatik hil direnentzako ere, beraien senitarteko eta lagunek ez baitute aukerarik izan behar bezala agurtzeko». Hala, etorkizunean koronabirusagatik hilko direnen omenez izan dela ere nabarmendu nahi izan du eta gogoratu du «gure esku dagoela» ahalik eta heriotza gutxien egotea datozen hilabeteetan.