Ahozko kultur sorkuntzen inguruko ikastaroa emango du Mintzolak Miramar jauregian
by NAIZ‘Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika’ ikastaroa eskainiko du Mintzolak Donostiako Miramar Jauregian, EHUren Udako Ikastaroen baitan. Uztailaren 9 eta 10ean izango da. Ahozkotasunean oinarritutako sorkuntza eta esperientziak ezagutu ahal izango dira, baita horien eragin onak ikasgelatik kanpo ere.
Euskara ikasgaian landu ohi da maiz ahozkotasuna, baina ahozko komunikazioa edonon eta edonoiz ageri zaigu: ikastetxeetako gainerako ikasgaietan ez ezik, ikasgelako zein handik kanpoko giza harremanetan ere bai. Antzerkia, bertsolaritza, kantua... horien bidez ahozkotasuna modu gozagarrian landu daiteke, eta eragin ona izan dezake ikasgelatik kanpoko harreman ohituretan ere. Hain zuzen, horren inguruan ariko da ‘Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika’ ikastaroa, Mintzolaren eskutik EHU Udako Ikastaroen baitan.
Ohar bidez antolatzaileek azaldu dutenez, askotariko moduak daude ikasgelan ahozkotasuna lantzeko, eta ahozko kultur sorkuntza zenbaiten didaktika esperientziak ezagutuko ditugu lehen egunean. Arantxa Hirigoien, Gotzon Barandiaran eta Mikel Artola izango dira aurreneko gonbidatuak; antzerkiaren, kantuaren eta bertsolaritzaren ikasgela barruko esperientziak ezagutzeko.
Hezkuntza arautuan ahozkotasunaren lanketari eta horrek gazteen hizkuntza eta harreman ohituretan izan dezakeen eraginari buruz ariko dira bigarren egunean, uztailaren 10ean, Olatz Bengoetxea, Aroa Murciano, Ainhoa Ezeiza eta Joxerra Garzia.
Ikastaroa jarraitu ahal izateko
Egungo egoerak ekarri du berrikuntzarik, ohartarazi dutenez. Bi eguneko ikastaroa Miramar Jauregiko ikasgelan bertan jarraitu ahal izango da, osasun neurriak hartuta eta horiek bermatzeko kopurua mugatuta; baina online jarraitzeko aukera ere izango dute ikasleek, zuzenean.
Batera ala bestera egin, izena eman behar dute interesdunek: ikasgelan bertan aritzeko 77 euroko matrikula ordainduko da, eta etxetik jarraitzeko, 65ekoa. Zenbait kasutarako matrikula murriztuak ere eskaintzen dira EHUko Uda Ikastaroen webgunean. Izena emateko aukera badago jadanik, modu presentzialean jarraitzeko zein ikastaroa online egiteko.