Ipar Euskal Herriko ostatu eta jatetxeak ekainaren 2tik aitzin berriz zabalik izanen dira

by

Frantziako Gobernuak bihar iragarriko du deskonfinamendu plana aurrera eramateko xede ondoko asteetan plantan emanen dituen neurriak. Izan ere Turismo alorreko Estatuko idazkariak, Jean-Baptiste Lemoynek, ziurtzat eman du ostalariek ekainaren 2tik aitzin berriz ere irekitzeko baimena jasoko dutela. «Turismoa berrabiatzea ezinbestekoa» dela nabarmendu du.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/707/143/news_landscape/angelu-hondartza.JPG
Joan zen igandean Angeluko hondartzan jende anitz bildu zen. (Guillaume FAUVEAU)

Jean-Baptiste Lemoynek FranceBleu irratian adierazi duenez, «argi berdea dago» ekainaren 2tik aitzin aisialdia eta turismoari loturiko jarduera ekonomikoak berriz ere martxan jartzeko.

Edouard Philippe lehen ministroak ostegun honetan iragarri behar lituzke deskonfinamenduan aurrera egiteko xede Parisek aurreikusten dituen neurri berriak.

Izan ere Lemoynek argiki adierazi du «turismoa berriz abiatzea ezinbestekoa dela».

Joan zen astean «hondartza dinamikoak» zabaldu ondoren, denbora kontua besterik ez zen inguruko jarduera ekonomikoen irekiera.

Gaur goizean Lemoynek baieztatu duenez, badira 15 egun abiatu ziren «prestaketa lanak» ekainaren 2tik aitzin ostatuek eta jatetxeek ateak zabaldu ahal ditzaten.

«Aurreikuspen onak ditugu eta osasun protokoloak prest ditugu lokalen egokipenari begira», zehaztu du Gobernu ordezkariak.

Ostatu eta kafetegien terrazak toki gehiago hartu ahal dezaten erabakia udalei badagokie ere, dagoeneko hainbat herriko etxe horren alde azaldu direlako kontent azaldu da Lemoyne.

Azkeneko egunetan beste hainbat gobernukidek egin duten oharra jarraituz, Lemoynek «Frantzia barruan turismoa egiteko» gonbidapena zabaldu du.

Covid-19ak frantziar nazionalismoa pizteko aitzakia eman duela argi utzita, «urdin, zuri eta gorriz marrazturiko udaz» gozatzeko apustua egin du Lemoynek.

Iragan maiatzaren 14an oporrak «Frantzia barruan» prestatzeko gomendioa eman zuen Philippe lehen ministroak. Geroztik kanpin eta nekazal-etxeen erreserbak biderkatu direla jakitera eman du Turismo estatu idazkariak.

Larhungo tren txikia, Sarako leizeak, Arnaga etxea...

Ostatuak eta jatetxeak ireki ondoren turista gehien jasotzen duten azpiegituren irekiera «ahal den eta lasterren» gauzatzea espero du Lemoynek. Hala nola Larhungo trena, Sarako leizeak eta Arnaga etxea izan ditu aipagai.

«Osasun protokoloak errespetatzen dituzten profesionalen engaiamendua nabarmenduko duen logo berri bat sortzeko lanean ari gara, tokiko eragileen eskutik lurraldearen balorea nabarmentzea inportantea iruditzen zaigulako», gaineratu du Lemoynek.

Frantziar Gobernuak turismo sektorea babesteko 18.000 milioi euroko inbertsio plana iragarri berri du.