Arartekoak bideratutako kexa-espediente gehienek gizarte eskubideekin dute zerikusia
by Ion SALGADOArartekoak 2019ko txostena bidali du Gasteizko Legebiltzarrera. 13.650 jarduketa egin dira, osotara. Izapidetutako kexa-espedienteen ia %58k gizarte eskubideekin dute zerikusia.
Arartekoak 2019ko txostena bidali du Gasteizko Legebiltzarrera. 13.650 jarduketa egin dira, osotara. Horietatik, 7.751 kexei eta kontsultei dagozkie, eta 30, ofiziozko espedienteei. Zuzeneko arretako bulegoetan, guztira, 10.647 zerbitzu eman dira: horietatik, ia 5.500 telefono bidezko zerbitzuak izan dira, eta 6.600 lagunek hiru bulegoetako batera jo dute, informazio eta aholku eske.
Ohar batean Arartekoak azaldu duenez, 2019an 2.081 kexa-espediente ebatzi dira eta 1.519 ebazpen eman dira. Gainerako kasuetan, behingoan sortutako ez-onartzeak dira (beste herri-defendatzaile batzuekin bikoiztea, ebazpen judizialaren zain dauden edo epai irmoa duten auziak, auzibidea hastea, eta abar). Kexa-prozeduren batez besteko iraupena 65 egunekoa izan da.
Kexa-espediente horiek aztertuz gero, %49 inguruk eragindako administrazioaren jarduketa okerren bat zuen; hau da, aurreko urtean baino ehuneko txikiagoa da (%53). Eragindako administrazioak zuzendu eta aldatu egin du erreklamazioa eragin zuen jarduketa kasuen %85ean. Dena den, kasu gehienetan, Arartekoak ez du gomendio formala egin beharrik izan.
Osasun alorreko kexak gora
«Kexen gai arloaren arabera, osasunari dagozkionak gehitu egin direla ikusten dugu, neurri handi batean, Gurutzetako modulu psikosoziala ixtearen ondorioz jasotako 484 kexengatik», adierazi du Arartekoak.
Aldiz, gizarte-bazterketaren aurkako bitartekoen gaineko erreklamazioak gutxitu egin dira: 468 (713, 2018an). Erreklamazio gehienak, %90 inguru, Lanbideren funtzionamendu txarrari lotutako arazoei buruzkoak dira.
Izapidetutako kexa-espedienteen ia %58k gizarte eskubideekin dute zerikusia (osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, hezkuntza...). Arreta publikoko taldeei buruzko kexak ere asko dira. Espediente horietako askok, gizarteratze arlokoak barne, pertsona guztien berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko politika publikoekin zerikusia dute, eta horien helburua honako hau da: emakumeek, adinekoek, haur eta nerabeek, ezgaitasunen bat duten pertsonek, LGTB kolektiboak, immigranteek, ijitoek eta abarrek eskubide hori baliatzeko dituzten eragozpenak desagerraraztea.
Administrazio bakoitzari eragiten dioten espedienteen proportzioari dagokionez, aurreko urteetan bezala, 2019an Lakuako Gobernua izan da idatzizko erreklamazio gehien jaso duen erakundea (%53), eta EAEko udalen jardunei buruzko kexak ere hazi egin dira (%30). %10 inguruk foru-aldundiei eragin diete.
Haur eta nerabeentzako bulegoa
2019ko 474 kexa-espedientetan izan dira tartean haurrak eta nerabeak. Espedienteen %46,1 adingabe horiek bizi-maila egokia izatea ahalbidetzen duten baldintza materialei lotuta daude, zehazki, diru-sarrerak eta etxebizitza bermatzeko sistemei buruzkoak dira. Beste %27,4 hezkuntza-sistemaren arazoei buruzkoak dira, eta gainerako %27a beste esparru batzuen ingurukoak.
Gainera, txosten berezi bat aurkeztu du Arartekoak: ‘Euskal autonomia erkidegoan bitartekotza egitea’.