Sakanako nekazaritza-biodibertsitatea berreskuratzeko proiektua martxan

by

Zonaldeko barazki zein fruta-arbola tradizionalak berreskuratzeko helburua duen proiektua jarri du martxan Arakilgo Udalak, kultura, nekazaritza, gastronomia zein ingurumen aldetik duten interes eta garrantzia aintzat hartuta.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/707/035/news_portrait/letxuga.jpg
Arakilgo neguko uraza da gorde nahi duten altxorretako bat (NAIZ)

Biodibertsitatearen galera animalien desagerpenera mugatzen ez denaren jakitun, Sakanan eta Arakilen bertakoak diren barazki eta fruta-arbolak berreskuratzeko helburua duen proiektua jarri du martxan Arakilgo Udalak. Ibarreko haziei lotutako zenbait gai eratzea da asmo honen muina eta horretarako inguruko nekazari eta herritarrei laguntza eskatu diete, baratzeko edo fruta-arbolak ugalduz, egun landatzen diren antzinako barietateei buruzko informazioa elkar trukatuz edo inguruko barietateak gordetzen dituzten nekazariekin harremanetan jarriz.

Hartz polarrak edo katamotz iberiarra desagertze arriskuan daudela jakina den bitartean, inor gutxi ohartu da tokiko barietate asko edo horiei lotutako aniztasun genetikoa, baita hauei lotutako jakintzak eta ondare kulturala ere desagertu direla. FAOren datuen arabera, XX. mendearen amaierarako munduko labore barietateen %75 galduak ziren jada. Gauzak kokatze aldera, garia adibidetzat hartuz: 1859. urtean, 1.300 gari mota baino gehiago ezagutzen ziren, eta 1995ean, 83 baino ez ziren geratzen zerrendan. Gainera, espezie baten barruan hainbat barietate galdu izanaz gain, elikatzeko erabiltzen ditugun espezieak ere nabarmen murriztu ditugu. Hala, dietan 10.000 barietate baino gehiago erabiltzetik 150 barietate erabiltzera pasa gara.

Ongarritzeko eta izurrite nahiz gaixotasunei aurre egiteko monolaborantza, mekanizazioa eta produktu kimikoak erabiltzen dituen nekazaritza eredu baten barruan, bertako barietateak erabili ordez «hibridoak» edo hobetuak erabiltzeagatik gertatu da hein handi batean. Ikerketen arabera, Estatu espainiarrean zereal mota tradizionalen ia %100a desagertu dira, eta Nafarroan, Sakanan edo Arakilen egoera ez da oso desberdina.

Zurezko laboreetan, barietate komertzial gehienak barietate «hobetuak» dira, batez ere fruta-arbola ohikoenei dagokienez. Ardogintzarako mahatsondoaren eta olibondoaren kasuan, berriz, ez dira barietate horiek erabiltzen. Baratzezaintza «profesionalean» ere, gehienbat hobetutako produktu hauek erabiltzen dira.

Autokontsumorako baratzeetan, aldiz, tokiko barietateek euren lekua gorde ahal izan dute, neurri batean behintzat, nekazaritza-politikatik edo merkatu globalaren arauetatik kanpo geratu direlako.

Horregatik, autokontsumorako baratzeak biodibertsitatearen eta kulturaren benetako gordailuak dira. Sasoiko elikaduran, tokian tokiko elikaduran eta dibertsifikazioan nahiz gizakien dietan izan duten eginkizuna funtsezkoa izan da, bereziki bizi dugun bezalako krisialdietan, eta hala erakusten dute egungo errealitateak eta azterlan ugarik.

Gordailuak arriskuan

Zoritxarrez, euren adina dela-eta, biodibertsitatearen gordailu izan diren nekazari horiek gero eta gutxiago dira eta haiekin batera, erabiltzen zituzten bertako barietateak ere desagertuko dira, egun ia inork ez baititu haziak gordetzen, denbora, ohitura edo ezagutza faltagatik. Biodibertsitatearen galera hau mehatxu larria da gizakion elikaduraren etorkizunerako, nekazaritzaren iraupenerako, ekosistemen egonkortasunerako edo espezieen osasunerako (giza espeziea barne).

Nekazaritza eta abeltzaintza dibertsifikatua, heterogeneoa eta leku bakoitzera egokitua izatetik, nekazaritza uniformea eta industriala izatera pasatu da eta horren ondorioz, planeta osoan ia barietate moderno eta ganadu arraza berdinak daude, eta horrek ondorio larriak ekarri dizkigu.

Bizitzen ari garen pandemia iragarritako hondamendia dela esan genezake: biodibertsitatea eta ekosistemak galtzeak autorregulazio biologikorako mekanismoak suntsitzen ditu eta. Hori gertatzen denean, izurriteak eta gaixotasunak askoz latzagoak izaten dira. Horregatik, ikertzaileek eta zientzialariek ohartarazi dute koronabirusaren pandemiaren atzean biodibertsitatearen galera eta ekosistemen suntsipena daudela, bai eta abeltzaintza intentsiboa eta gure zibilizazioaren hipermugikortasuna ere.

Ekin lanari, ekin lurrari

Aipatutako egoera latz horri aurre egiteko, Arakilgo Udalak bere aletxoa jarri nahi izan du. Proiektuaren xedea da tokiko nekazaritza-barietateak, nekazaritza-ekosistemak eta haiei lotutako ezagutza eguneratzea eta balioztatzea, landa-garapen jasangarriko estrategia gisa. Finean, bere helburua nekazaritza jasangarria baliabide dibertsifikatuez hornitzea da; kalitatezko produktuak, bertakoak eta jasangarriak kanal txikietan ekoiztu, kontsumitu eta komertzializatzeko.

Helburu horiek erdiesteko, hainbat ekintza gauzatuko dituzte aurten. Hazien banku publikotan gordetzen diren eskualdeko nekazaritza-barietateak biltzea da lehen pausua. Bere garaian bertako hainbat nekazarik eta baratzezainek banku desberdinei emandako hazien barietateen zerrenda egin dute.

Barietate horien kopuru handi bat Arakilen bildutakoak dira, esaterako 14 sagar mota ezberdin, horien artean «horia» eta «goiztiarra» izenekoak. Barietate horiek 90eko hamarkadan jaso ziren hainbat herritan, hala nola Errotz, Satrustegi, Izurdiaga eta Zuatzun. Helburua da barietate horiek berriro ere ibarrera ekartzea, horien txerto-arantzak edo zuhaitzak bertako bizilagunei eskaintzeko.

Baratzeko barietateei dagokienez, beste bi adibide dira aza kizkurra eta Ihabargo neguko uraza. Baita lekaleak ere, Arakilgo Iriberriko baba txikiak, esate baterako proiektuan parte hartu nahi duten ibarreko bizilagunei emango zaizkie ereiteko. Era berean, Sakanako beste barietate batzuk ere badaudela jakin dute, printzipioz interes handikoak izan daitezkeenak, hala nola Lakuntzako txitxirioa eta babarrun beltza.

Haziak ibarrera ekarri eta biderkatzen hasi

Hemendik aurrera, jarraipen bat egingo da laborearen bilakaera ikusteko, hibridazioak saihesteko edo haziak biltzeko. Akordio bat egin da horiek mantentzen dituzten erakunde publikoekin, hala nola NUP, CITA eta CRF. Erakunde horiek haziak edo landare-materiala emango dute, tokian tokiko nekazaritza-biodibertsitatea erabiltzeko interesa duten pertsonek edo taldeek ibarrean erabili ditzaten.

Proiektuaren helburua da bere garaian ibarrean landu ziren barietate batzuk berriz erein ahal izatea eta bertan gordetzea, interesa duten herritarrek osatutako baratze laguntzaileen sare baten bidez. Barietateak eta haien ezaugarriak ezagutarazi eta interes handienekoak hautatuko dituzte eta interesa agertzen dutenei eskaini tokiko laborantzarako, kontsumorako edo merkaturatzeko erabil ditzaten.

Bestalde, bilaketa bat egingo da ibarrean, desagertzeko arriskuan egon daitezkeen tokiko barietateak aurkitzen saiatzeko. Arakilen gutxienez 50 urte daramatzaten barietateei buruz ari gara. Esan bezala, barietate horiek adineko pertsonen esku egon ohi dira, eta gehienetan, herritar horiek baratzea landatzeari uzten diotenean, haien haziak galdu egiten dira.

Era berean, hazien erabilerari lotutako bertakoen ezagutza biltzea interesatzen zaie proiektuaren garatzaileei. Bisitak eta elkarrizketak egingo dituzte «barietateen jarraibideen eskuliburu» hori gal ez dadin. Izan ere, gida hori ere galtzen ari da, eta oso garrantzitsua da hura gordetzea.

Proiektuaren asmoen artean dago katalogo bat egitea, ibarreko haziei lotutako hainbat gai bilduko dituena (maneiua, erabilera, gastronomia, ezaugarriak eta kultura). Izan ere, ezagutza hori oso lagungarria izango da bertan bizi eta, euren arbasoek urteetan zehar sortu zituzten baliabideak eta ezagutzak baliatuz, elikagaiak modu jasangarrian ekoiztu nahi dituztenentzat.

Nekazaritza-dibertsitatea kolektiboki gordetzeko topagune, dibulgazio eta prestakuntzarako espazioak ere sortuko dira. Horretarako, datozen hilabeteetan hainbat jarduera egitea aurreikusi dute, hala nola txertaketak egiten ikasteko, haziak ugaltzeko edo barietateak dastatzeko tailerrak. Jarduera horiek Sakanako beste udalerri batzuekin lankidetzan egingo dira, hala nola Lakuntzarekin, Arruazurekin eta Irurtzunekin