«Aurrean ditugun erronka zailak gainditzeko, zubiak behar dira indartu, ez mugak»

Solange Demarcq-Eguiguren: Biriatuko auzapez berria

by

Biriatuko Geroa zerrenda anitzak sei botoren aldea atera zion hiru hamarkada luzez auzapez izan zen Michel Hiriart eskuindarra buru zuen hautagaitzari joan den martxoaren 15ean igaro ziren herri bozetan. Covid-19aren ondorioz udal eraketa gibelatu egin zen. Finean, gaur iluntzean auzapez xingola jantzi du Solange Demarcq-Eguigurenek. Aro berria zabaldu da mila biztanletik gora duen Lapurdiko herrian.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/706/772/news_landscape/SolangeDemarcq-Eguiguren_Biriatu_gfauveau-2.JPG
Biriatuko auzapez berria eta bere udal taldeko kideak. (Guillaume FAUVEAU)

Martxoaren 15ean Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko 142 herrietako biztanleek botoaren bidez hautatu zituzten udalen eraketa prozedura abian eman zen joan den asteburuan.

Herri horietan guztietan bezala Biriatun ere auzapez berria izendatzeko zeremonia gibelatu egin zen pandemiaren ondorioz.

Alta, aro berria iragarri zuten martxoko bozek mila biztanletik gorako herri horretan.

Hiru hamarkada luzez Bidasoa ibaiaren ondoan dagoen herri dotorean auzapez izan zen Michel Hiriart eskuindarrari gaina hartu zion Solange Demarcq-Eguigurenek.

Biriatuko Geroa udal taldeko zerrendaburua gaur iluntzean alkate izendatu dute, osasun neurri zorrotzen artean igaro zen udalbatzarrean.

Anekdota gisa: auzapez ohia eta bere zerrendako beste bi herri kontseilari -oposizioak 3 eserleku ditu kontseilu berrian eta udal gehiengo berriak 12- ez dira bilkurara azaldu.

Bigarren aldia da elkarrizketa bat izanen dudala zurekin. Martxoan ukan genuen solasaldia ezin izan genuen plazaratu, covid-19aren ondorioz udal eraketa bertan behera geratu zelako. Nola bizi izan duzu egoera berezi hori?
Egia esan, aski ongi sentitzen naiz. Agian berehala gainera etorriko zaizkigun arduren pisua gehiago sentitzen dut oraingo honetan. Martxoan mintzatu ginenean, biriatuarrek emandako sostengua dastatzen ari ginen. Orain, beraiek emandako konfiantzari erantzutea da gure udal taldearen xede nagusia.

Denbora gutxi igaro bada ere, giroa zeharo aldatu da. Osasun krisiak noraino aldaraziko du zuen agintaldi hasierarako zenituzten planak?
Covid-19ak egoera guztiz eraldatu du. Izan ere, azkeneko bi hilabeteetan bizi izan dugun salbuespen egoerak neurri batean gure egitasmo nagusiak baieztatzera eramaten gaitu. Gure herri programa berriz irakurriz gero, larrialdi egoeren aurrean –berdin auzi klimatikoa izan zein elikadurari loturiko krisia izan–, erresilientzia sareak garatzeko beharra adierazten genuen. Alde horretatik, berrindarturik sentitzen gara eta egoera zaila izanik ere, aitzina egiteko determinazio osoa daukagu.

Edonola ere, giroa astunagoa da eta agenda soziala inoiz baino beteago izanen duzu.
Hala da. Alde batetik, berehala tokiko dosier batzuk izanen ditugu mahai gainean. Eskolari edo beste hainbat egitura publikori dagozkien lanak ditut gogoan. Era berean, inoiz baino gehiago herritarren beharrei so izanen gara. Bereziki herritar zaurgarrienak babestu beharko ditugulako. Nire lehentasuna da herritarrak entzutea eta beraien eskutik eremu guztietan azalduko zaizkigun beharrei erantzuteko bideak xerkatzea, batzuetan herri mailan, besteetan inguruko herriekin eta, bistan da, Euskal Elkargoaren baitan lehentasunak ongi finkatuz.

Epe motzera, hainbat kudeaketa konplexu aurreikusten dira, gehienak krisiari lotuta, hala nola ikasturte berria. Hor kokatzen dituzu kezka nagusiak?
Egia esan, kezka handia da. Biriatuko eskola publikoan zein ikastolan protokolo zorrotzak eman dituzte plantan. Estatuak agintzen dituen arauak betetzea ez da erraza izan, baina behin-behineko eskola sartzea, oro har, aski ongi pasa da. Irakasleek eta familiek ahalegin handia egin dute. Guztiei sostengu osoa nahi diegu ekarri heldu den ikasturtea prestatzeko.

Martxoan mintzatu ginenean behin baino gehiagotan nabarmendu zenuen Biriatu bere ingurune naturalean txertatzeko premia. Geroztik hainbat zubi eten egin dira. Nola bizi izan duzu mugaren itxiera?
Zinez gaizki bizi dut egoera. Bitan banatu gaituzte. Mugaren irekiera ezinbestekoa da guretzat, harreman sozialak, kulturalak, familiarrak alde batera eta bestera eraikitzen ditugulako. Lehen aipatzen genuen krisi sozioekonomikoari berriro helduta: Biriatu bezalako herri batentzat, gure enpresa eta langileentzat, mugaren itxiera erabat kaltegarria da.

Besteak beste Hendaiako eta Irungo auzapezek azalduriko kexa zeure egiten duzu?
Guztiz. Jakinik ere urrundik heldu direla mugak ixteko erabakiak eta gure herrietatik gauzak aldatzea ez dela batere erraza, Biriatuko auzapeza prest da inguruko herrietako ordezkariekin batera muga irekieraren alde bere esku dagoen guztia egiteko. Krisi honetatik ateratzeko batera behar dugu lan egin, zubiak sendotu, indarrak metatu, eta mugaren itxiera oztopo handia da jarduera sozialak eta ekonomikoak berriz ere martxan jartzeko.

Turistentzat bideak zabaltzen badira ontsalaz Bidaso inguruko euskal herritarrentzat ere.
Estatuen logika gailendu da orain arte, guk herritarren zerrenda osatu dugu eta Biriatuko herriari behar diogu lehentasuna eman. Gure engaiamendua argia da, herri mailan, eskualde mailan eta Euskal Elkargoaren baitan lan egiteko asmoa dugu gauzak ahal den eta azkarren alda daitezen.