Pentsiodunek haien aldarrikapenak kalera atera dituzte berriro
by Asier ROBLESPentsiodunen mugimenduak elkarretaratzeak egin ditu astelehen honetan Euskal Herriko udaletxeen aurrean, bi hilabeteko konfinamenduaren ostean. Betiko aldarriez gain, oraingo honetan, egoitzak eta etxez etxeko arreta zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa behar direla nabarmendu dute.
Pentsiodunen mugimendua itzuli egin da, koronabirusak behartutako bi hilabete baino gehiagoko itxialdiaren ostean, eta Euskal Herriko 40 bat udalerritako udaletxeen aurrean bildu da, manifestarien arteko bi metroko distantziari eutsiz eta maskarak erabiliz.
Bilbokoa izan da jendetsuenetako bat; izan ere, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileek adierazi dutenez, protesta «sinbolikoen» eredu horri eutsiko diote osasun alertak irauten duen bitartean, «mobilizazio masiboak» baztertuta.
Udaletxera sartzeko eskaileretan ‘Egoitzen pribatizazioari ez’ zioen pankarta bat zabaldu dute, «Jo ta ke irabazi arte», «egoitza publikoak» eta «pentsionistak aurrera» leloak oihukatzen zituzten bitartean. Gaurkoan, mobilizazioa egoitzetan hildako pertsona guztien eta pandemian hildako bi mobilizazio-lagunen minutu bateko isilunearekin hasi da.
Ondoren Bizkaiko pentsiodunen bozeramaile batek hartu du hitza, eta koronabirusaren ondorioen larritasuna gizarte osoan arintzen ari den arren, baita egoitzetan ere, «erne egon beharra» dagoela adierazi du. «Ezin gara lasaitu, aztertu behar ditugu atzemandako gabezia larriak, oraindik berriro pandemiaren gorakada izateko arriskuak desagertu ez direlako», nabarmendu du.
«Pribatizazioei bidea itxi behar diegu»
Egoitzen pribatizazioa gaitzetsi dute pentsiodunek eta «lan sanitario duina» aldarrikatu dute. «Kalitatezko sistema publiko unibertsal eta doakorantz joan behar gara ahalik eta azkarren, egoitzak eta adinekoen arretarako beste zerbitzu batzuei pribatizatzeko bideari ateak itxiz, non patronalak onura baino ez dituen bilatzen», azaldu bozeramaile batek.
Era berean, elkartasuna eta babes morala adierazi diete hildakoen familia eta gertuko guztiei eta adinekoak behar bezala zaintzeko ahal duten guztia eman duten langile guztiei.
Bere hitzaldian, Jon Fanok erakunde publikoen eta patronalen «arduragabekeria» salatu du egoitzetan eta dendekotasuna duten adineko pertsonentzako arreta-zerbitzuan izandako «azpiegitura, bitarteko eta langile faltagatik».
«Egoera horren aurrean, behin eta berriz esango diegu erakundeei, eta gure kasuan Unai Rementeriari, behingoz propaganda hutsalak egiteari utz diezaiola eta egoitzetako eta etxeko arretako arazoak benetan konpon ditzala», adierazi du Fanok.
Maskarak doakoak izan beharko liratekeela ere esan dute, «pertsona askok, jasotzen dituzten miseriazko pentsioekin, erosteko zailtasun handiak dituztelako».
Polemika
Pentsiodunen elkarte batzuek gaurko mobilizazioekin bat ez egitea erabaki zuten aurreko astean, horren aurrean, Fanok esan du «etxean ezer egin gabe geratzeak ez duela ezer konpontzen», eta «bakarrik ezer aldatu nahi ez duten erakunde patronalei bakarrik egiten diela mesede».
«Oso argi dugu mugitzen ez bagarela eta protestatzen ez badugula, ez direla arazoak konponduko», adierazi du, kritikoak protestekin bat egin eta «elkarrekin borrokatzen jarraitzeko» animatzen zituen bitartean.