Mendi gosez igo dute gipuzkoarrek herrialde erdian dagoen Hernioko gailurra

Kronika  

by

Gipuzkoako bihotzean dago Hernio; Aia, Errezil edo Asteasutik gertu. Astelehen honetan, baina, beste hainbat gipuzkoarrek bisitatu dute hain miretsia den mendia. Konfinamendua hasi zenetik, aurreneko bisita zen beraientzat. Zelatungo ostatuak duela hamar egun ireki zituen ateak.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/706/717/news_landscape/herniogailurra.jpg
Txakur bat Hernioko gailurrera iritsi berritan. (NAIZ)

Askatasun egarriz igo dute Hernioko gailurra zenbait gipuzkoarrek. Herritik kanpoko edozein mendira joateko aukera zabaldu da astelehen honetatik aurrera eta batzuek goizean goizetik probestu dute. Eguerdi bueltan are auto gehiago zeuden Iturriotzeko aparkalekuan.

Donostia, Usurbil, Irun, Hernani edota Azkoititik hurbildu dira Gipuzkoako bihotzean dagoen mendira. «Gaur lehen eguna eta segituan irten naiz herritik», dio irundar batek. «Konfinamendua hasi zenetik hau da herritik kanpo egiten dudan lehen mendi buelta, forma hartu beharko da», adierazi du Usurbilgo Leirek.

Askoren diskurtsoa izan da hori. Orain arte, behin kalera irteteko aukera eman zutenean, askok aprobetxatu zuten herriko mendira joateko edota txangoak herritik irten gabe egiteko. «Ordua zen beste paraje batzuk bisitatzeko aukera ere izateko», diote Donostian bizi diren oriotarrak eta larrauldarrak.

Aurpegi berriekin gurutzatzea, «egun onak» elkartrukatzea... «orain gehiago baloratzen ditugu kontu hauek», nabarmendu du larrauldarrak.

Mendi buelta baten ostean, 1.079 metroko gailurrera igo ostean, jada ederki baloratzen zen pintxo bat jaten geratzea; bada, baliteke orain gehiago izatea. Maiatzaren 13an ireki zituen ateak Zelatungo ostatuak. Lehen aste horretan eguraldiak lagundu ez bazuen ere, pasa den asteburuan jendea hurbildu dela adierazi dio NAIZi Maria Jesus Etxeberriak, ostatuko arduradunak. 

Hasiera berri honetan jasotako erantzunagatik itxaropentsu agertzen da. Hernio hainbat herri txikiren bueltan dago eta batzuek jada lehenagotik ere bisitatu zuten. Beste batzuek, badaezpada, norbaitek abisuren bat emateko beldurrez edo, ostatuan kontsumitutakoan tikea eskatu zuten, terrazan egotea «jarduera sozioekonomikoa baita».

Krisian murgilduta hasi

2011n hartu zuen bere familiak Zelatungo ostatuaren gidaritza. Krisi gogor batean murgilduta zegoen Hego Euskal Herria eta Etxeberriaren esanetan, ondo funtzionatu zuen. Hipotesi bat dauka berak: «Mendi buelta bat ematea askotan langabe dagoen batentzat plan ona da, ordu asko pasatzen ditu eta gutxiago kontsumitzen du. Hemen jan edo edateko aukera bakarra dago. Egia da, xahutzeko ez daukanak ez daukala eta horrek ez duela egingo, baina beste batzuek bai».

Hala ere, pena dauka normalean udaran madrildar, katalan edo ingeles asko hurbiltzen baitziren inguruko nekazal-etxeetara. Egun batean Hernioko buelta egiteko probesten zuten eta horien hutsunea sumatuko delakoan da.

Mendizaleak errespetuz jokatzen ari direla uste du. Hala ere, argi utzi nahi du mahai bat okupatua baldin badago ez dela hau elkarbanatzen, lehen ohikoa zen bezala. «Pasa den asteburuan gertatu zen eta beraiek zioten beraiei ez zitzaiela axola, baina ezin daiteke. Azkenean mendi buelta bat egindakoan guztiek nahi dute pintxoren bat eta leku bakarra hau da», azaltzen du ostatuko arduradunak.

Orain barrua ere egokitu dute, %50eko edukierarekin eta beharrezko segurtasun neurriekin. «Azkenean, guri eguraldiak eragiten digu. Eguraldi eskasa baldin badago, ez dator inor hona; ona egiten badu, aldiz, hau bete egiten da», onartzen du.

Irailean egiten diren ospakizunen esperoan daude: «Horrekin salbatzen dugu urtea. Iraileko ospakizuna eta ostiral santuarekin. Ostiral santua joan zitzaigun eta irailekoaren beldur gara».

Beste edozein autonomo bezala igaro dituzte konfinatuak egon diren bi hilabeteak. Ostatuaren jabeak alokairua erdira murriztu die itxita eduki dutenean eta autonomoaren kuota ez zuten ordaindu apirilean; martxoan, erdia itzuli zieten. Alde horretatik eskertuta daude. Gainera, Maria Jesus Etxeberriak ez zuen espero maiatzean irekiko zuenik: «Jendeak esaten zidan ea urrirako irekitzen nuen edo urte bukaerarako behintzat».

Maiatzaren lehen egunetan Estatu espainoleko Aldizkari Ofizialean ostatuak irekitzeko neurriak agertzen hasi zirenean, ahal bezain laster guztia egokitzera igo ziren Maria Jesus Etxeberria eta bere senarra. Komunikazio aldetik, denbora tarte gutxian abisatu dietela kexatu da apur bat baina aitortu du hasiera batetik pentsatu zuela maiatzaren 13an irekitzea eta hala egitea lortu zuela.

Goizez, berrogeita hamar bat pertsona

Asteleheneko lehenengo orduetan egin dute geldialditxoa Herniotik jaitsi diren gehiengoak. Eguzkiak indarrez jotzen zuenean goruntz abiatu direnik ere bazen, eta haiek ere eskertuko dute atsedentxoa.

Astelehena izanik, tarteka tarteka elkar gurutzatzen zen jendea. Seguraski, Hernioren egun onenetatik urrun dago gaur mendi buelta egin dutenen zenbatekoa –goizeko 8.30etik 11.30era bitartean 50 pertsonekin gurutzatu gara, gutxi gorabehera– baina askatasun egarriz eta mendi gosez dagoenak aprobetxatuko ditu datozen egunak eta, batez ere, datozen asteburuak.