Uriarte: «On-line irakaskuntza ez da nahikoa, ikasturtea bukatzeko laguntza hau ere behar dute»
by NAIZIkasgeletareko itzulera «normaltasunez» joan dela adierazi du eguerdian Lakuako Hezkuntza sailburu den Cristina Uriartek. Interneten bidezko irakaskuntzan «ahalegin handia» egin bada ere –ikasle, irakasle eta gurasoen partetik– hainbat kasutan irakaskuntza presentziala ere ezinbestekoa dela ziurtatu du, ikasturtea behar bezala amaitzeko.
«Egun oso berezia eta garrantzitsua da guretzat eta hezkuntza komunitate osoarentzat», nabarmendu du ezer baino lehenago Cristina Uriarte Lakuako sailburuak, gaur goizean ehunka eta ehunka ikasle eta irakasle DBHko 4. mailatik aurrera ikasgeletara itzuli ostean.
Goiza «normaltasunez» joan dela adierazi du Hezkuntz arloko arduradunak. Covid-19aren aurkako segurtasun neurriak hartu direla ekarri du gogora; maskarak jantzita eman dituzte klaseak irakasle zein ikasleek.
Kopuruari dagokionez, «poliki-poliki bueltatzen ari dira», aipatu du bakarrik Uriartek. Daturik ez du eman, baina eskasa izan da jarraipena, itxuraz.
Bi hilabete baino gehiago pasa dira ikastetxeak hustu eta itxi behar izan zituztenetik, eta tarte honetan on-line irakaskuntza emateko «ahalegin handia» egin dela ziurtatu du Cristina Uriartek, ikasle, irakasle eta gurasoen inplikazioa ere txalotuz. Hala ere, hori ez dela kasu guztietan nahikoa izaten erantsi du: «Irakaskuntza presentziala ezin du ordezkatu».
Jada berriz ikastetxeetan direla, zenbait ikaslek behar duten «laguntza honekin ikasturtea ondo bukatzea espero dugu», esan du sailburuak. Lanbide Heziketan izan du jarraipen handiena itzulera honek, bai eta Selektibitatea prestatu beharrean dauden Batxillergo bigarren mailako ikasleen aldetik.