NAIZ Kontzertuak, 5 eurorekin musika taldeak babesteko aukera
by NAIZIa dena prest dago NAIZ Kontzertuez etxetik gozatzeko. Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du ekimenak. Gatibu, Nøgen, Zetak, Huntza eta ETS ikusteko sarrerak datorren asteazkenetik, maiatzaren 27tik aurrera erosi ahal izango dira, 12.00etan.
Koronabirusak eragindako osasun-krisiak kulturarekin dugun harremana egokitu eta berrasmatzera behartu gaitu: taldeen birak eta udako festak bertan behera uztea, aretoetako edukiera mugatzea... Illunbeko kontzertuaren lehen urteurrenera hurbiltzen garenean, taldeek eta ikusleek erakutsitako elkartasuna itzuli nahi izan du NAIZek, NAIZ Kontzertuekin, ekimen birtual bat, hainbat euskal talderen kontzertuak etxetik gozatzeko.
Kontzertuak streaming eta «pay per view» bidez izango dira. Horri esker, batetik, taldeei (bai musikariei, bai ‘crew’ delakoari) eta kontzertu-aretoei ekonomikoki lagundu ahal izango zaie, alarma egoeran eta konfinamenduan gelditu behar izan baitute. NAIZ Kontzertuek musikaren industriari lagundu nahi diote. Izan ere, industria hori oso ukituta geratu da kontzertuak, birak eta disko aurkezpenak bertan behera utzi behar izan zirenetik.
Bestalde, ekarpen ekonomikoari esker, NAIZek kalitatezko ikus-entzunezko produktua eskainiko du. Kontzertuak FOKUk eta Taom-ek ekoitziko dituzte, eta sare sozialetan eta telebistan ikusi ditugun kontzertu akustikoetatik haratago joan nahi dute. NAIZ Kontzertuek eszenaratze indartsuaren aldeko apustua egin dute, eta taldeek beren ahalmen guztia zabaldu ahal izango dute. Hori irudiak egitean ere erakutsi behar da; esan bezala, dinamikoa eta kalitate handikoa izango da.
Sarreren prezioak
Bai publiko orokorrak, bai NAIZeko harpidedunek NAIZ.EUS webgunean eskuratu ahal izango dituzte sarrerak maiatzaren 27an, asteazkena, 12.00etatik aurrera, egun horretan emango diren esteken bidez.
Prezioei dagokienez, kontzertu bakoitzak 5 euroko prezioa izango du harpidedun ez direnentzat, eta elkartasun bereziko sarrera 10 eurotan eskuratzeko aukera izango dute. Gainera, 5 kontzertuetarako bonu bat eskuratu ahal izango da 20 euroren truke, hau da, %20ko deskontua ikuskizun guztiak ikusi nahi izanez gero.
NAIZeko harpidedunentzat kontzertu baterako sarrerek 2,5 euroko prezioa izango dute, eta 5 kontzertutarako bonuak, 10 eurokoa. Bost kontzertuak 20 euroren truke ikusteko bonu solidarioa ere izango da.
Taldeak eta datak
Momentuz, NAIZ Kontzertuetan ekainean eta uztailean bost taldek parte hartuko dute, nahiz eta ez den baztertzen zerrenda hori zabaldu ahal izatea ekimenaren harrera positiboa bada.
Data eta talde hauek berretsi dira:
Gatibu, ekainak 5
Nøgen, ekainak 12
Zetak, ekainak 19
Huntza, ekainak 28
En Tol Sarmiento, uztailak 3