Ixa ikerketa-taldea saritu dute Covid-19aren aurkarko borrokan egin duen lanagatik
by Asier ERRASTIEstatu Batuetako Gobernuak bultzatutako Covid-19 gaixotasunaren inguruan antolatutako adimen artifizialeko txapelketan saria jaso du Ixa ikerketa-taldeak. Ikerketa-taldeko kide den Jon Ander Camposekin izan gara soalasean.
Loading player...
AEBetako Gobernuak antolatutako Cord-19 txapelketan antolatzaileek Covid-19, Sars-CoV-2 eta beste koronabirus batzuei buruzko 60.000 artikulu zientifiko inguru jarri dituzte eskuragarri munduko ikerketa-komunitatearentzat.
Sistemak biltzen dituen 60.000 artikulu horien artean, seiren bat 2020 urtekoak dira, aurtengoak, alegia. Hartara, koronabirusari buruzko ia 100 artikulu argitaratzen dira egunero batez beste. Zientzialariek ez dute horiek denak irakurtzeko gaitasunik eta hortik dator txapelketako antolatzaileek adimen artifizialeko ikertzaileei egindako ekintzarako deia: hizkuntzaren prozesamenduan berriki egin diren aurrerapenak aplikatzeko eskatu die, Covid-19 gaixotasunaren aurka borrokan ari diren zientzialariei laguntzeko. Helburua, hauxe: literatura zientifiko horretan lagungarri zaien informazioa ahalik eta errazen bilatzen laguntzea.
Txapelketaren lehen fasean ehunka parte-hartzaile izan dira eta hamar sari banatu dituzte. Horietako bat irabazi du HiTZ zentroko Ixa taldean garatutako sistemak. Sistemaren garapenean Euskal Herriko Unibertsitateko Arantxa Otegi eta Jon Ander Campos ikertzaileek eta Eneko Agirre eta Aitor Soroa irakasleek hartu dute parte.
Campos NAIZ Irratiko Asteburuko Harian izan da.