Iruñeko espetxeak medikurik gabe jarraitzen duela salatu du ELAk
by NAIZIruñeko espetxeak medikurik gabe jarraitzen du, ELAk salatu duenez. Espetxen Administrazioaren ardura ezari eta Nafarroako erakundeen kontrol eza dira egoera horren arrazoiak, sindikatuaren arabera.
Iruñeko espetxean medikurik gabe segitzen dutela salatu du ELAK. Ohar batean azaldu duenez, kartzela horretako osasun arretaren zerbitzua «larriagotu» egin da azken egunetan, «bi medikuak aldi baterako ezintasuneko egoeran daudelako». Sindikatuaren arabera, baja egoera horiek «deitoragarriak izateaz gain, errepikatu daitezke gerora begira».
Medikurik gabe egotearen arrazoiak Espetxeetako Administrazioaren «ardurarik eza» eta Nafarroako erakundeen «kontrol eza» dira ELAren iritziz. Iruñeko kartzelako osasun arreta «berez aski urria» dela ere adierazi d.
Egoera honen aurrean, «berehalako konponbidea» aldarrikatu du, eta egoera errepikatzeko arriskua «guztiz ezabatu» behar dela nabarmendu du. Gogoratu du ELAk «aspaldidanik» eskatu duela Nafarroako Gobernuari espetxeetako eskumena transferitzeko, baita espetxeen osasun alorra ere.
Ildo horretan, adierazi du Estatuko edo Nafarroako sistema publikotik kanpoko zerbitzuak hartzearen aurka dagoela eta «zeharo publikoa izan behar den zerbitzu baten ezkutuko pribatizazioa» salatu du.
«Hori aurrekari oso arriskutsua izan daiteke, osasun eskumenak Nafarroako Sistema Publikoari transferitu ezean», ohartarazi du.
Oharrean azaldu duenez, joan den astean lehenbailehen bilera bat egiteko eskatu zioten Nafarroako Osasun kontseilariari.
Honako eskaerak ere egin dizkie Nafarroako arduradunei: «jarrera argia, berehalako konponbidea eta egoera berriz ez errepikatzeko hitzeman» dezatela.
«Egoera larri hori» berehala konpondu ezean, ELAk mobilizazioak iragarri ditu.