Sortzen elkarteak euskarazko irakaskuntza aukeratzeko deia egin die familiei

by

Aurtengo aurrematrikulazio kanpainari dagokionez, Sortzen elkarteak euskaldun eleaniztunak heziko dituen eskolen aldeko apustua egin du, eta horrek «murgiltze ereduaren ezarpenerako plangintza integrala» eskatzen duela azaldu du Iruñean egin duten prentsaurrekoan.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/676/092/news_landscape/sortzen.jpg
Sortzen elkarteko kideak ostiral honetan egin duten prentsaurrekoan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Plangintza integrala eskatu du Sortzenek «daukagun errealitatetik abiatuz ekiteko lanari, azkar baino etenik gabeko lan iraunkorra eginez, politika aktiboak garatuz desabantaila eta gutxitze egoeran dagoen euskara positiboki sustatuz». Horren harira, euskarazko irakaskuntza aukeratzeko deia egin die familiei.

Iruñean aurkeztu dute aurtengo aurrematrikulazio kanpaina Marta Diez eta Aitziber Garmendia elkarteko kideek. Aukeratu duten leloak dioen bezala, «D eredu komuna, baita zurea ere», euskarazko irakaskuntzaren aldeko hautua egiten eta indartzen jarraituko dutela azaldu dute.

Izan ere, kalitatezko hizkuntza aldarrikatu dute, eta horrek «belaunaldi berriei bizitzan zehar garatu daitezkeen tresnak lantzen» lagunduko dien hezkuntza, «sormenerako eta eraldaketarako bitarteakoak» eskainiko dizkien hizkuntza eta aukera berdintasunak oinarri izango dituen hezkuntza eskatzen duela azaldu dute.

Hain zuzen ere, erronka horrek euskara «ardatz» behar duela nabarmendu dute, aniztasunean zubi, elkarbizitzarako berme eta etorkizunerako zutarri delako.

Hizkuntza gutxitua

Euskara «desabantaila egoeratik» ateratzeko ikaskuntza prozesuaren ardatz bilakatu dutela azpimarratu dute, hori izango baita «ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko» berme bakarra.

«Euskaldunoi bizi garen Nafarroako zonaldearen arabera aitortzen zaizkigu, ala ez, hizkuntza-eskubideak eta ondorioz hezkuntza-eskubidea», salatu dute.

Gainera, orain euskararen bazterketa eta desabantaila egoera hori «legez babestuta dagoela» azaldu dute, «Vascuence legearekin» aukera berdintasuna posible ez dela gaineratuz. «Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea bermatu behar zaigu nafarroi», nabarmendu dute.

Bestalde, bereziki Nafarroako hegoaldeko herrietan (Tafalla, Lodosa, Kaparroso, Allo, Antzin, Erriberri, Barasoian, Azkoien eta Sesma), jolas tailerrak egin eta bertako hezkuntza komunitate eta herritarrekin egindako bideo bat zabalduko dutela iragarri dute, zonalde diskriminatuan D ereduan ikasteko aukera zabaltzen Hasi zenetik irekitako lerroen esperientziak jasotzen dituena.