Aita Mari ontziko ordezkariei harrera egin diete Gipuzkoako Batzar Nagusietan
by NAIZAita Mari untziko ordezkari Iñigo Mijangos, Iñigo Gutierrez eta Nerea Machadori harrera egin die Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrenak Mediterraneoan egiten duten lana eskertzeko.
Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak eskertu egin nahi izan die Aita Mari ontziko arduradunei, Iñigo Mijangos, Iñigo Gutierrez eta Nerea Machadori, Mediterraneoan egiten ari diren lanagatik, «horrek giza eskubideak babesten dituelako, hainbat estatuk eta Europar Batasunak huts egiten duten bitartean». Batzar Nagusiek ekimen hau babesten jarraituko dutela esan du Ezeizabarrenak.
«Erakunde bezala eta, nik neuk, lehendakari gisa, eskerrak eman nahi dizkiogu Aita Mariri, Mediterraneoan egiten duen lanagatik, funtsezko eskubideen babes zuzenarekin lotuta dagoelako beren lana», esan du Ezeizabarrenak.
«Oinarrizko eskubideak paperean daude baina, ikusten dugunez, Europar Batasuneko kide diren estatu batzuek eta Batasunak berak ez dituzte bermatzen», gaineratu du Batzar Nagusietako presidenteak.
«Guk Aita Mariko taldeari entzungo diegu eta, erakunde bezala, prest gaude lan egiten eta laguntzen jarraitzeko, ahal dugun neurrian», esan du Ezeizabarrenak.
Aita Mari ontziko ordezkariak Xabier Ezeizabarrenarekin egon dira eta ondoren Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoko batzordean Mediterraneo itsasoan 78 lagunen erreskatearen berri ematen eta migrazioaren krisiaz duten ikuspegia azaltzen.