«Transmisiora begira, balio asko indartu egiten dira Durangoko azokan»
by naiz irratiaAtzo itxi zituen ateak Durangoko Azokak. 54. edizio hau azken urtetako jendetsuena izan da, 120.000 bisitari jaso baititu, iaz baino 5.000 lagun gehiago. Izaskun Ellakuriaga Gerediaga Elkarteko prentsa arduradunak balorazio baikorra egin du gurean.
Loading player...
Azokako antolakuntzatik «giro oso ona» izan dela nabarmendu dute. Egun jendetsuena ostirala izan da, 39.000 bisitariekin. Hala ere, Izaskun Ellakuriaga Gerediaga Elkarteko prentsa arduradunak dio gainerako egunak ez direla izan atzean geratzekoak, «oso pozik gaude, nabaritzen da zerk elkartzen gaituen».
Zenbait berrikuntza izan ditu Durangoko Azokako aurtengo edizioak eta Ellakuriagak nobedade horiek positiboki baloratu ditu. Bestalde, euskal sortzaileen presentzia nabarmendu nahi izan du, «azokan euskal sortzaileen 200 ekitalditik gora izan dira». Ekitaldi horien aniztasuna ere azpimarratu du Ellakuriagak, «irudimen handiko aurkezpenak ikusi ahal izan ditugu. Euskal sortzaileen artean zelako aniztasuna eta aberastasuna dagoen ikusi ahal izan dugu».
Liburuak protagonistak
Saldu diren produktuen artean liburuek diskoak baino arrakasta handiagoa izan dute Durangoko Azokan. Horrekin lotuta, prentsa arduradunak disko formatuaren salmenta urriak aipatu ditu: «Etorkizunera begira musikagintzarekin zer egin dezakegun pentsatu beharko dugu, egunen batean disko formatu hori desagertu egingo delako».
Ellakuriagak, bestalde, hasi berriak diren musika talde eta idazleei garrantzia eman nahi izan die, «aukera bat eman behar diegu eta publiko bezala ere ondo dago horiengana hurbiltzea».
Bisitariei dagokienez, gazteen presentzia nabarmendu da Durangoko Azokan, «45 urtetik beherakoa da pertsonen ehuneko handiena». Bestalde, emakume euskalduna da gailendu den beste profil bat, Ellakuriagaren arabera.
Nahiz eta doako autobusa antolatu duten Durangoko Azokaren antolakuntzatik, kotxea izan da bisitariek lekualdatzeko aukeratu duten garraio nagusia. «Nahiko genuke datozen urteetara begira, leku desberdinetako jendearen hurbilketa errazteko garraio publikoa eskaini».