Etxe gabezia salatzeko munduan zehar egin zen kanpaldia debekatu zuen Donostiako Udalak
by NAIZMunduan zehar etxe gabezia salatzeko kanpaldiak egin ziren joan den larunbatean. Donostian, ordea, Arratsek, Hiritarren Harrera Sareak eta SOS Arrazakeriak deitu zutena Udalak debekatu zuen, antolatzaileek salatu dutenez.
Etxe gabeziaren Munduko Eguna izan zen joan den larunbatean eta hori dela eta munduan zehar hiri ugaritan etxerik ez dutenen egoera salatzeko kanpaldiak antolatu ziren. Donostian ez zen horrelakorik egiteko aukerarik izan, Udalak ekimena debekatu zuelako, Arratsek, Hiritarren Harrera Sareak eta SOS Arrazakeriak ohar batean azaldu dutenez.
Ertzaintzaren baimena bazuten ere Donostiako Udaltzaingoak ekimenaren antolatzaileei kanpaldia debekatuta zegoela jakinarazi zien, udal ordenantzak ez zuelako onartzen. Honekin batera, kanpaldian parte hartzen zuen lagun orori isuna jarriko ziotela ohartarazi zuten udaltzainek, antolatzaileek azaldu dutenez.
Antolatzaileek debekua ekiditen saiatu ziren adierazpen eta manifestazio eskubideak udal ordenantza baten gainetik zeudelakoan, baina ez zuten lortu.
«Gure iritziz, oso larria da udal ordenantza bat oinarrizko eskubide baten aurretik ipintzea. Bestetik, jarrera hori nahiera hutsezkoa eta diskriminatzailea da, ze lehenago ere egin izan dira horrelako jarduerak leku berean eta udaltzainek ez dute parte hartu. Bestalde, debekuek gezurtatu egiten dituzte populazioaren gizatalde ahulenen aldeko hitzaldi ederrak, Udala ez baita gai interpretazio malgua egiteko», salatu dute kanpaldiaren antolatzaileek.
Gauzak horrela, egun hauetan aurrekontuak eztabaidatzen dabilen Udalari eskatu diote aintzat har ditzala etxerik ez duten lagunak diru-partida bat onartuz.