San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute

by

Kutxa Fundazioak kolaboratzaile pribatu gisa laguntzen dio museoari, zaharberritu eta zabaldu zenetik, eta akordio honek esanahi berri bat ematen dio harreman horri. Hitzarmen honen helburu nagusiak argazki funtsak tratatzea eta sorkuntzari bultzada bat ematea izango dira.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/661/785/news_landscape/SanTelmoKutxa.jpg
Hitzarmen berria sinatu duten unea. (Oskar MORENO)

San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak bultzada berria eman diote museoa berriz ireki zutenetik mantentzen duten lankidetza akordioari. Akordio horrek ahalbidetuko du bi erakundeentzako ekarpenak egiteko garrantzitsuak diren bi lan ildo martxan jartzea. Hala, alde batetik, Artea Abian sortuko da, eta erakusketa programa horretan emango zaio protagonismoa sorkuntza garaikideari, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez; bestetik, bigarren lerroa argazki funtsen tratamenduari buruzkoa izango da, azken urteotan pisu handiagoa hartzen ari den ondarea izanik, ezagutza eta prozesu espezifikoak eskatzen dituena.

Artea Abian ekimenaren bidez, San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da. Ekimen honek arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari. Honen baitan urtero erakusketa bat antolatuko dute museoko Laborategi Aretoan. Gonbidatu duten lehenengo artista Nagore Amenabarro da.

Bestalde, argazkiei dagokionez, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den arloa da. Gure inguruan hainbat erakundek gordetzen dituzten argazki funtsekin erakusketa ugari antolatzen dira. Bilduma horien guztien artean, oso azpimarragarritzat jo ditzakegu Kutxatekan gordetako bildumak, 1.800.000 irudi baino gehiagoko funts kuantitatiboki ikaragarriarekin, bai eta San Telmo Museoarenak ere, azken urteotan bilduma historikoa egile ezberdinen argazki funts nabarmenez handituta ikusi baitu.

Material guzti hori aztertzea, gordetzea eta zabaltzea beharrezkotzat hartzen dutenez, horren inguruko proiektu bat abiaraztea erabaki dute. Hala, hitzaldiak, tailerrak eta topaketak antolatuko dituzte kontserbazioari, zaharberritzeari, digitalizarioari, dokumentazioari, biltzegitzeari, irisgarritasunari eta zabalkundeari buruzkoak.