Euskararen ezagutza 7 puntu handitu da hamar urtean EAEko 15 urtetik gorako biztanleen artean
by NAIZAraba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 urtetik gorako biztanleen artean euskararen ezagutza %36,1era iritsi da 2018an, orain dela hamar urte baino ia 7 puntu gehiago. Kultur jardueretan parte hartzeak duen garrantzia 7,34 puntuan kokatu da EAEko biztanleen artean.
Euskararen ezagutza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 urtetik gorako biztanleen %36,1era iritsi da 2018an, orain dela hamar urte baino ia 7 puntu gehiago, 2008an %29,4 baitzen portzentaia. Datuak bat datoz 2016an egindako Euskararen azken Inkesta Soziolinguistikoaren datuekin.
Azterketaren datuak Kulturaren Euskal Behatokiak egindako 2018ko ‘Kultura-ohiturei, praktikei eta kontsumoari buruzko Inkesta’ lanetik datoz. EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egin zen inkesta, 6.300 pertsonako laginarekin. Azaroaren 29an eman ziren ezagutzera Euskal Herri osoko euskarazko kultur kontsumoari buruzko datuak.
Analisi berria inkesta berean oinarritzen da, baina EAE soilik hartzen du kontuan, eta honako aldagaiak neurtu ditu: kulturarekiko jarrerak; kultur jardueren pisua eta haien bilakaera; asoziazionismoa eta praktika artistiko amateurrak; praktika kultural digitalak; eta euskarazko parte-hartze kulturala.
Parte-hartze kulturala
Euskadiko Artxibo Historikoan aurkeztu ditu datuak astelehen honetan Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak. Txosten berri honen kasuan, 15 urte edo gehiagoko pertsonei egindako 3.800 elkarrizketak osatzen dute lagina.
Bertan, EAEko hiru lurralde historikoen, bizileku udalerriaren dimentsioaren, sexuaren, adinaren eta euskararen ezagutzaren araberako ordezkagarritasuna ziurtatzen da, eta horrek aukera ematen du parte-hartze kulturalaren banaketa soziala ezagutzeko, biztanleria talde desberdinen arabera.
Horrela, EAEko euskarazko parte-hartze kulturalari buruzko datuak duela gutxi aurkeztutako Euskal Herri osoko datu globalen antzekoak dira, eta hortaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren euskarazko parte-hartze kulturalak bilakaera positiboa izan du orokorrean.
Zehazkiago, euskarazko antzerkira joatea %11,4tik %39,7ra gehitu da 2008tik 2018ra, bertsolarien ikuskizunetara joatea %18,1etik %31,8ra, eta euskarazko musika entzutea %66,4tik %82ra. Euskarazko irakurketak jaitsiera izan du, %39,5etik %34,7ra, baina euskarazko filmak ikusi dituztenak %1,4tik %3,7ra gehitu dira.
«Jarrera positiboa»
Azterlanaren ondorio nagusiei dagokienez, EAEko biztanleek kulturarekiko «jarrera positiboa» adierazten dute 1etik 10erako eskalan, eta kultur jardueretan parte-hartzeak duen garrantzia 7,34 puntuan dago. Oro har, parte-hartze kulturalaren bilakaera global positiboa egon da ekimen kulturalen parte-hartzean.
Bereziki gehitu dira antzerkiari, kontzertuei eta dantza ikuskizunei dagokienez (%20tik gora handitu dira), eta aztertu diren hamabi praktiketatik hiru murriztu dira: egunkarien irakurketa (%9 puntu gutxiago), aldizkariena (%6,6 puntu gutxiago) eta arte galerietara joatea (ia %3 puntu gutxiago).
Bestalde, azken hamarkadan %61 igo da kultur elkarteetan parte-hartzea. Horrela, EAEko biztanleen %13k kultur elkarteren batean parte hartzen du, eta %2,6k batean baino gehiagotan. Gainera, hiru biztanletik batek amateur mailako praktikaren bat egiten du; zehazki, biztanleen %32,6k adierazi du gutxienez urtean behin parte hartzen duela sormenezko jardueretan, hala nola idazketan, margolaritzan, dantzan, artisautzan eta beste hainbatetan.
Euskarri digitalak
Halaber, Interneteko erabiltzaileen %70 eta %85 bitartean, hiru praktika nagusi nabarmendu dira: albisteen irakurketa, informazio bilaketa eta musika entzutea. Bigarrenik, gutxiago zabalduta dauden praktikek osatutako bloke batek (%43 eta %49 bitartean), kultur edukiko sarbide edo deskarga praktikak biltzen ditu, eta horrekin batera, zuzeneko ikuskizunetarako tiketen erosketa eta webgune edo blog pertsonaletarako bisita.
Ildo horretan, sare sozialek kultura partekatzea errazten dutela ondorioztatu du azterketak. Internetera maiz sartzen diren biztanleen artean, %16,5ek material propioa partekatzen du sare sozialetan, eta %25ek beste autore batzuen material artistikoa. Bostetik batek sare sozialak erabiltzen ditu beste artista batzuk ezagutzeko edo haiekin harremanetan jartzeko, ia %16k bere gogoeta pertsonalak idazten ditu eta %14k kultur foroetan parte hartzen du.