Urtarrilaren 11n fase berri bati ekingo diote bakearen artisauek Baionan

by

Macronen Gobernua bake prozesuari ezartzen ari den oztopoekin «haserre» agertu dira urtarrilaren 11n Baionan egingo den manifestaziorako deia luzatu duten bake artisauak. «Bake justu eta iraunkor bat eraikitzeko determinazioa» irudikatuko dute makilekin.

Macronen Gobernuari jarrera aldaketa bat exijituko diote bake artisauek urtarrilaren 11n Baionan. Arratsaldeko 15:00etan abiatuko da bake artisauek deitu duten manifestazioa Lauga aretotik eta bakea eraikitzeko duten «determinazioa» adierazteko makilak eramango dituzte manifestariek. Horrez gain, bidea irekiko duten traktoreek «Euskal Herriak bake justu eta iraunkor bat eraikitzeko egin duen hautua bururaino» eramateko prest daudela irudikatuko dute.

Pasa den maiatzean Emmanuel Macron presidente frantsesak Biarritzen egin zituen adierazpenak hartuz, «hitza hitz! ez dezagun historia errepika!», aldarrikatu dute bake artisauek ostiralean Baionan eskaini duten prentsaurrekoan. Izan ere, «gatazkaren konponbidean eta armetatik ateratzeko bidean Euskal Herria eredugarria» zela esan zuen orduko hartan Macronek. Anaiz Funosasek bere hitzak ekarri ditu gogora: «Mugimendua sostengatzea da Estatuaren eginbeharra. Ez dugu historia errepikatu behar, lagundu egin behar dugu».

Ordea, Gobernuaren jarrera kontrakoa dela adierazi du Funosasek, eta adibide gisa Estatuko Fiskaltzak euskal presoen aferan duen jarrera gaitzetsi du. Bereziki, Xistor Haranbururen kasua salatu dute, izan ere, bake artisauen iritziz, «bizi osorako espetxe zigorra aplikatzearekin heriotza zigorra» ezartzen dute, eta ondorioz, galdera bat luzatu diote Macron presidenteari: «Heriotza zigorrek bake prozesu batean laguntzen dute?».

Fase berri bat

Amaitzear den urtea blokeo batekin hasi zela, baina oztopoei aurre egiten urratsak eman ahal izan zituztela nabarmendu du Mixel Berhokoirigoin bozeramaileak. Euskal presoei sistematikoki ezartzen zaien DPS estatus berezia ezabatzeko eta presoak hurbiltzeko urrats garrantzitsuak eman direla oroitarazi ostean, fase berri bat ireki behar dela azaldu du bake artisauak, eta horretarako lehen urratsa Baiona eta Bilbon egingo diren manifestazioak izango direla azaldu du.

Egun berean, urtarrilaren 11n alegia, Bilbon eta Baionan egingo diren mobilizazioek Paris eta Madrilgo Gobernuei antzeko mezuak igorriko dizkietela azpimarratu du bake artisauak. Izan ere, bere hitzetan, «gatazkaren ondorio berak pairatzen ditugu eta bake prozesu bera elikatu nahi dugu».