Mikel Urdangarinek Leonard Cohen omendu du ‘Hotza da NY is cold’ disko berrian

by

Duela hiru urte Bilboko Campos Eliseos antzokian eskainitako zuzeneko kontzertua binilo-CD formatu berezian argitaratu du Mikel Urdangarinek, ‘Hotza da NY is cold’ izenepean. Leonard Cohenen abestien bertsioak dira diskoaren ardatza. Mila ale zenbakitu soilik argitaratu dira.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/658/297/news_landscape/mikel_urdangarin.jpg
Mikel Urdangarin. (Iñigo URIZ | FOKU)

Mikel Urdangarinen ‘Hotza da NY is Cold’ Bilboko Campos Eliseos antzokian grabatu zen, 2016ko urriaren 21ean, ‘Izar and star’ zikloaren barruan. Kontzertu berezi hura jaio berri den *Zart artisten kolektiboaren babespean argitaratuko da orain, «Cohenekiko miresmena konpartitzen dugun kideen bultzada eta ekarpenaz», azaldu du Urdangarinek berak.

Diskoak 17 abesti ditu, horietatik 10 Leonard Cohenen bertsioak. Beste 7ak Urdangarinen diskografiako abestien bertsio berriak dira. Diskoa Xanpe teknikariaren estudioetan masterizatu dute eta Alison Keable abeslari londontarraren «ekarpen ederra» du, kolektibotik adierazi dutenez.

Horrez gainera, beste hainbat musikarik ere hartu dute parte diskoan: Koldo Uriarte piano-jolea, Nika Bitchiashvili biolin-jolea eta Jon Cañaveras baxu-jole eta gitarra-jolea. Binilo eta CDaz gainera, Alain Urrutia artistaren lamina batek eta Harkaitz Cano eta John Potterren testu banak borobiltzen dute lana.

Diskoaren mila ale soilik argitaratuko dituzte eta erreserba egin daiteke, *Zart kolektiboaren webgunean.

Urdangarinek gogora ekarri du 17 urte zituela aitak ‘I'm your man’ (Columbia Records, 1988) oparitu zionean ezagutu zuela Cohen: «Ordura arte berataz ez nekien, apenas entzunda neukan bere kanturik. Oroitzen naiz nola kantutegi hori lagun atera nuen unibertsitateko karrera aurrera, nola laguntzen zidan ikasten, gustuko ez nituen gaiak ere gustuko bilakaraziz. Nerabezaroaren ekaitza bortitzean aterpe bat eman zidan kantariak. Horra nire lehenbiziko esker ona».

Geroztik ez dio Cohen entzuteari utzi eta bere hitz eta doinuetan «edertasunaren forma ezberdinak» ezagutu dituela azaldu du, «edertasunari sinesgarritasuna lotuz gauza benetakoagorik ezin aurki nezakeelarik». Entzuleari «beragandik jasotakoa bueltatu» nahi liokeela dio Urdangarinek.