‘Euskara ibiltaria’, euskararen aldakortasuna agerian jartzen duen erakusketa San Telmo Museoan

by

‘Euskara ibiltaria’ erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen ‘Herri Hizkeren Atlasa’ da, eta argitalpenak bezala, euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu.

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/659/005/news_landscape/EuskaraIbiltaria2.jpg
Euskara ibiltaria erakusketaren aurkezpena, Donostiako San Telmo Museoan. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak eta Donostiako San Telmo Museoak, Laboral Kutxaren babesarekin, ‘Euskara ibiltaria’ erakusketa interaktiboa aurkeztu dute ostiral honetan museoko Laborategian. Erakusketa 2020ko otsailaren 23ra arte egongo da zabalik, doako sarrerarekin, eta euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakutsiko ditu. Erakusketa fisikoaz gain, Euskaltzaindiaren webgunean ere izango da Euskara ibiltaria ezagutzeko aukera, lotura honetan klikatuz.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariak eta Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendariak parte hartu dute erakusketaren aurkezpen ekitaldian.

«Erakusketa honen helburua bikoitza da. Batetik, dialektologia mailan Akademiak egiten duen lana guztion eskura jartzea eta, bestetik, herriaren ahotik jaso dugun euskara herriari itzultzea, euskararen aniztasuna ezagutu dezan», azaldu du Urrutiak.

Bestalde, Sotok nabarmendu du erakusketa «bizia» dela, «bisitaria aktiboa izatera» bultzatzen duena.

Euskaltzaindiaren Atlasa

Erakusketaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen ‘Herri Hizkeren Atlasa’ da, eta, argitalpenak bezala, helburua euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea da (lexikoa, izen morfologia, aditz morfologia eta sintaxia). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari «itzuli» nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.

Horretarako, erakusketa bost atal nagusitan dago banatua –Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza–, eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da, bisitariari aldaera horiek era bisualean erakutsiko dizkiona. Horrez gain, erakusketak jokoak, animazioak eta entzungaien gisako tresnak ere erabiltzen ditu herri hizkeren aberastasun hori erakusteko.

Bisitariak aukera izango du, halaber, hizkuntza atlas bat zer den ikusteko, eta, horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzeko. Orobat, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa denez gero, egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea du beste xedeetako bat.