Euskararen hausnarketa argi-iluna, Kike Amonarrizen ‘Euskararen bidegurutzetik’ liburuan
by Maddi TXINTXURRETAAzken urteetan idatzitakoa, irakurritakoa eta hausnartutakoa berrinterpretatu, bateratu eta osatzetik, euskararen egoerari buruzko hausnarketa berritu bat eskaintzen du Kike Amonarrizen lan berriak.
Euskararen erretratu zabala eta panoramikoa erakusten du Kike Amonarrizen ‘Euskararen bidegurutzetik’ (Elkar, 2019) liburuak, erretratu «kaleidoskopikoa», idazlearen bidelagun eta lan berriaren editore izan den Xabier Mendigurenen hitzak ekarrita. Donostiako Parte Zaharreko Elkar dendako aretoan aurkeztu dute lana.
Hamabi ataletan banatu du liburua Amonarrizek, nahiz eta «denak baduen logika eta hurrenkera bat», eta agertu nahi izan ditu, iraganetik etorkizunera doan denbora-lerroan baina bidegurutze batean paraturik, euskararen eta euskaldunen erradiografia erreala eta errealitate horri erantzuteko aukerak. Oinak zoruan, esan du egia dela euskara «oso gaixo» dagoela; hala ere, «eredugarria» dela hizkuntza hau izaten ari den berreskuratze prozesua, gainontzeko hizkuntza gutxituekin alderatuz, halako bidea hartu duen bakanetakoa.
Liburuaren izenburuak ere hala adierazten duenez, euskara bidegurutze batean dagoela segurtatu du Amonarrizek, «ilusioak eta kezkak» nahasten diren «momentu historiko» batean: «Aukera paregabeak ditugu euskara Europan maila ertaina duten hizkuntzen norabidean normalizatzeko, 10-20 urtera, baina erabileraren aldaketan pauso sendoak eman ezean, berau murrizteko edo galbidera bultzatzeko arriskua dugu».
Hala, «militantziatik idatzitakoa» den lana osatu du tolosarrak, dibulgatzailea baina ez neutrala, funtsean, «aktibista». Irakurleak aktibismora eta hausnarketara bideratuko dituela ziurtatu du, eta are, interaktiboa izango da, irakurketa parte-hartzailearen bila baitabil, eta ‘Euskararen bidegurutzetik’ eskuratzen dutenei eskatzen die, liburuan bertan jarri duen bere posta helbidearen bitartez, hausnarketa eta galderak berarekin konpartitzeko.
Idazkera «argi, ulergarri eta entretenigarrian» idatzi duela esan du, baita ahalik eta modu «zientifikoenean», baina Kike Amonarrizek berezko duen umore printzak albora utzi gabe. Eta, modu horretan, ‘Euskararen bidegurutzetik’ lanak aztertzen du nola den posible euskarak XXI. menderaino iraun izana, agertuko ditu ohar autobiografikoak, behatuko hizkuntza komunitatearen eraldaketa, izango du umorezko atal bat eta proposatuko du euskalkiei buruz hitz egin beharrean «hizkerei» buruz berba egitea; irakurleak liburuan aurkituko du honen zergatia.