Gasteizko EH Bilduk ez du euskarari buruzko adierazpena sinatuko, PP ez zuritzeko

by

EH Bildu Gasteizen duen udal taldeak euskara erabili eta sustatzeko konpromisoa berretsi du, eta «horregatik ez gara PPren ondoan agertuko adierazpenaren egunean, izan ere, PPk, beste behin ere, gure hizkuntzari eraso egin dio».

https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/602/480/news_landscape/miren-larrion.jpeg
Miren Larrion

EH Bildu udal taldeak ez du Euskararen Egunerako Eudel eta beste hainbat erakundeek proposatutako Adierazpen Instituzionala sinatuko Gasteizen. Azaldu duenez, erabaki hau hartu du «gure hizkuntzarekin dugun konpromiso sendoagatik eta koherentziagatik; izan ere, EH Bilduk uko egiten dio adierazpen polit eta hutsala sinatzeari egunez egun euskara desprestigiatzen eta erasotzen dutenekin».

Ohar batean azaldu duenez, EH Bildutik ezinbestekotzat jotzen da euskararen sustapenari eta normalizazioari begira konpromisoak hartzea. «Horregatik, Euskararen Eguneko Adierazpen Instituzional batek jaso beharko luke, beste proposamen batzuen artean, erakundeek euskara lehentasunez erabiltzea herritarrei komunikazio ofizialetan eta beste erakunde batzuetara jotzerako orduan».

«Azken asteetan, ordea, Alderdi Popularrak agerraldia egin du neurri hori salatzeko eta hizkuntza-askatasunen aurkako erasotzat jotzeko. Are gehiago, PPk mozio bat eramango du hurrengo Gasteizko osoko bilkurara, eta, bertan, aho batez gaitzetsi nahi dute Eusko Jaurlaritzak euskarari buruz duen dekretu berria», gaineratu du.

Eudelek proposatutako adierazpena asmo onez eginda dagoela uste du, «hobetzea posible den arren». «Edonola ere, EH Bilduk ez du testu hori irakurriko geure hiritarren hizkuntz eskubideak murriztu eta mugatu nahi dituztenenekin batera», erantsi du.

Euskararen alde «gehitzeak baino ez du balio, bada garaia gure hizkuntza defendatzeko eta euskara eta euskaldunon eskubideak erasotzen dituztenei aurre egiteko. Horregatik ez dugu Alderdi Popularraren irudia zurituko Adierazpen Instituzional honekin», azpimarratu du Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak.